Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kavafis, Konstantino

Greziar olerkaria (Alexandria, 1863 - Alexandria, 1933). Zazpi urte zituela aita hil zitzaion eta handik bi urtera, amarekin eta familiarekin batera Ingalaterrara joan zen. Han bizi izan zen zazpi urtez, eta heziketa guztia jaso zuen (ingelesa zen Kavafisen bigarren hizkuntza). Handik itzulitakoan Alexandrian eta batez ere Istanbulen bizi izan zen bolada luzeetan. Hirutan bakarrik egon zen Grezian (1901ean, 1903an eta 1932an). Greziarra zela sentitzeko grekoz ikasi zuen nerabe aroan. Hasieran hizkuntza landuenaren alde apustu egiten bazuen ere, azkenik herriaren hizkuntzara hurbilduz joan zen, Konstantinoplako dialektoko aberastasunetik eta hizkera klasikotik ahal zena hartuz. Guztira, 154 olerki hautatu zituen argitaratzeko eta antologia batzuk gorabehera (1904 eta 1910), 1935ean argitaratu ziren lehen aldiz, Kavafis bera hil ondoren, beraz. Geroztik aurkitu ziren beste batzuk ere argitaratuak izan dira. Alexandriako Arriskuen ministerioan lan egin zuen. Kavafisen zabalkundea giro anglosaxoian izan zen lehenbizi, E.M. Foster-i esker eta, batez ere Lawrence Durrell-en eleberriengatik. Erabili zituen gaiak hauek izan ziren: amodio homosexuala, sentsualitatez, tristuraz eta miresmenez ikusita; edertasunaren atzeman ezina; historia bera ere gai gisa erabili zuen, gizakiaren eta bere patuaren arteko topaleku gisa.