Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kautsky, Karl

Alemaniar politikari eta idazlea (Praga, 1854 - Amsterdam, 1938). Vienako unibertsitatean egin zituen ikasketak. Austriako Alderdi Sozialistaren kide egin zen Vienan. 1880an Zurich-a joan zen eta Eduard Bernstein ezagutu zuen. Londresa jo zuen gero, eta Friedrich Enlgels-en idazkari izan zen. 1881ean Stuttgart-en Neue Zeit sortu zuen, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren aldizkari ofiziala. 1887an Alemaniatik bidali zuten eta Londresa itzuli zen; Londresen Marx’ oekonomische Lehren argitaratu zuen (1887), dotrina marxisten eskuliburua. Alemaniara itzuli eta 1891n Erfurt-eko estatutua idatzi zuen, marxismo iraultzailearen alde eta kolaborazionismoaren eta errebisionismoaren kontra. 1903az gero erdiko joera aldeztu zuen, legez kanpoko ekintzen eta ekintza iraultzaileen aldeko zen ezkerraren kontra. 1904-1910 bitartean Marxen Das Kapital obraren azken atala argitaratu zuen. Lehen Mundu Gerran ez zuen jokabide garbirik agertu. Parlamentuan gerra kredituen alde eman zuen botoa; gero bakezaletzat agertu zuen bere burua, eta boltxebikeen iraultzaren aurkako. Joera horrek talde komunistetatik aldendu zuen. Naziek aginpidea hartu zutenean Vienara erbesteratu behar izan zuen, baina 1938an alemaniarrek atxilotu zuten. Askatu zuten eta Amsterdam-a jo zuen babes bila. Han hil zen. Bere emazte Luise-k Auschwitz-en galdu zuen bizia.