Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kastner, Santiago

Britainiar musikologo, pedagogo eta instrumentu jotzailea (Londres, 1908 - Lisboa, 1992). Klabezin ikasketak egin zituen Londreseko Kontserbatorio Nazionalean, eta letra eta humanitateetan doktoregoa lortu zuen Oxfordeko Unibertsitatean. Amsterdam eta Leipzigen jarraitu zuen ikasketak osatzen. 1930 aldera Bartzelonan jarri zen bizitzen, eta han Higini Anglés musikologo eta elizgizonaren ikasle izan zen. Eskola haiek eragin handia izan zuten Kastnerrengan, iberiar musikak ikastera jo baitzuen, eta 1936an Música hispánica liburua argitaratu zuen. Gerra zibila piztu zenean, Portugalera joan zen, berak bere aberritzat hartuko zuen herrira. Han, klabezin-jotzaile izan zen, eta baita tresna horren irakaslea ere, Kontserbatorio Nazionalean. Ikerketa lan handiak egin zituen hainbat herritako artxiboetan (Coimbra, Badajoz, Palentzia, Oporto...), eta ikerketa haien ondorioz, Espainia eta Portugaleko zenbait klabezinistaren bildumak aurkitu eta artxibatu ahal izan zituen, Antonio Soler, Víctor Seijas, eta XVII. mendeko beste zenbait egileren lan ezezagunak argitaratzeaz gainera. Bestalde, Contribución al estudio de la música portuguesa y española (1951, Portugaldar eta espainiar musikaren azterketarako ekarpena) eta Metodología para el estudio musicológico (1957, Azterketa musikologikorako metodologia) liburuak argitaratu zituen, eta baita hainbat artikulu ere, XVII. mendeko Europako musika desberdinen arteko konparazioa eginez. 1945ean, Federico Mompou musikagile espainiarraren biografia argitaratu zuen.