Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karlos

Suediako hamasei erregeren izena. Lehenengo sei erregeei buruz oso berri nahasiak eta laburrak dira.  v  Karlos VII.a. Suedia eta Gotlandiako erregea (? - 1167). Upsalako artzapezpiku barrutia sortu zuen. Bere erreinaldian gerra asko izan zituen errusiarren kontra.  v  Karlos VIII.a. Suediako eta Danimarkako erregea, 1448-1457, 1464-1465 eta 1467-1470 bitartean (1408 - Stockholm, 1470). Bere erreinaldian eta erbeste aldietan Danimarkarekiko batasuna nahi zuten noble eta lurjabeen kontra borrokatu zen.  v  Karlos IX.a. Suediako errege 1604-1611 bitartean (Stockholm, 1550 - Nyköping, 1611). Gustabo Vasaren hirugarren semea zen. Bere aita hil zenean (1560) Södermanland-eko duke izendatu zuten; bere anaia zaharrena, Erik XIV.a erregetzatik kendu zuen matxinadan parte hartu zuen (1568), eta Joan III.a bere anaiaren kontrario izan zen politikan. Hura hil zelarik (1592) Upsalako Sinodoa deitu zuen, bere aitak ezarritako erreforma protestantea sendotzeko. Sigismundo erregea hil zenean (1600) izendatu zuten errege, baina 1604 arte ez zuen kargua hartu. Bere erreinaldian asko indartu ziren merkataritza eta meatzaritza, baina etengabeko gerrak izan ziren Polonia, Errusia eta Danimarkaren kontra.  v  Karlos Gustabo X.a. Suediako errege 1654-1660 bitartean (Nyköping, 1622 - Gothenburg, 1660). Erregeren oinordeko izendaturik, Kristina bere lehengusuak bere alde abdikatu zuenean iritsi zen erregetzara. Poloniaz jabetu zen (1656). Danimarkarekin Roskildeko bakea sinatu zuen, Danimarkari hainbat lurralde kenduz, eta era horretara Suediaren berezko mugak finkatuz.  v  Karlos XI.a. Suediako errege 1660-1697 bitartean (Stockholm, 1655 - Stockholm, 1697). Karlos Gustabo X.a bere aitaren ondorengoa izan zen. 1660an errege eginik, adinak izan arte (1672) ez zuen bere kargua hartu. Holandaren kontrako gerran Frantziaren aliatu izan zen. Zenbait gudutan menderatu zutelarik lurralde asko galdu zituen, baina Nimegako bakearen hitzarmenaz (1678-1679) berriro eskuratu zituen guztiak. Adin nagusira iritsi bitarteko erregealdian noblezia arras indartu zen; horren ondorioz Karlos XI.ak 1680an nobleei lurrak kentzeko programa bat abiarazi behar izan zuen. Errege absolutua izan zen, baina neurriz erabili zituen bere ahalak. Lund-eko unibertsitatea sortu zuen, gudarostea eraberritu zuen eta finantza publikoak sendotu zituen.  v  Karlos XII.a. Suediako errege 1697-1718 bitartean (Stockholm, 1682 - Frederikshald, 1718). Karlos XI.a bere aitaren ondorengo izan zen, hamabost urte zituela. Errusia, Danimarka, Polonia eta Saxoniako lurraldeak, Suedia gero eta indar handiagoa hartzen ari zelako kezkaturik, kontra aliatu zitzaizkion (1699), eta Iparreko Gerra Handia hasi zen. Zenbait gudutan arrakasta handiak lortu zituen: Federiko IV.a Danimarkakoaren kontra (Travendhal-eko bakea, 1700), Errusiako Petri I.a Handiaren kontra (Narvako gudua, 1700) eta Augusto II.a Poloniako errege eta Saxoniako hauteslearen kontra (Dunako gudua, 1701). Bakea sendotu ordez, Polonia beretu nahiago izan zuen; Stanislas Leszcynski jarri zuen han errege. Augusto II.a Saxoniatik bertatik ere kanpora egotzi nahi izan zuen (Altranstädt-eko bakea, 1706). Petri Handia Errusiakoari eraso zion, eta Ukrainan barrena sartu zen; Poltavako guduan (1709), ordea, hark menderatu zuen, eta Turkiara ihes egin behar izan zuen Karlos XII.ak (1709-1714). Handik aurrera hondamenak pilatu ziren: Stanislas Poloniako erregetzatik kendu zuten, eta Danimarkak Suedia hegoaldea inbaditu zuen. Suediara itzuli zenean (Turkiatik ihes egin eta hamalau gau eta egunez Habsburgotarren lurraldeak eta Germaniakoak ezkutuan igaroz), gauzak zuzendu eta Danimarkari Norvegia kentzen ahalegindu zen. Fredrikshald-en setioan hil zen. Alderdi militarrez gainera, zientzia eta teknika gai askotan aditua zen, eta gerrak utzi zion denboran, Suediako artearen eta literaturaren bultzatzaile izan zen.  v  Karlos XIII.a. Suediako errege 1809-1818 bitartean, eta Norvegiakoa 1814an Suedia eta Norvegia batu zirenetik hil arte (Stockholm 1748 - Stockholm, 1818). Garrantzi handiko papera izan zuen Gustabo III.a bere anaiak gobernuaren kontrola hartu zuen iraultzan. 1792an hura hil zutenetik Gustabo IV.a bere iloba adin nagusira iritsi bitartean erregetza hartu zuen. Errege berria 1809an iraultza batek erregetzatik kendu zuenean, errege orde eta gero errege izendatu zuten. Ondorengorik ez zuenez, Kristian Augusto Schleswig-Holsteingoa hautatu zuen oinordeko, baina hura ere hilik, Parlamentuak Jean Baptiste Bernardotte mariskal frantsesa hautatu zuen oinordeko. 1814an Norvegia Danimarkatik bereizi eta Suediari eman zitzaion, Ingalaterrari eta Errusiari Frantziaren kontrako gerran emandako laguntzagatik.  v  Karlos XIV.a. (Jaiotza izenez Jean Baptiste Bernardotte) Frantziako mariskala eta Suediako errege 1818-1844 bitartean (Paue, 1763 - Stockholm, 1844). Abokatu baten semea zen. 17 urte zituela Frantziako gudarostean sartu zen. 1790tik aurrera Frantziako Iraultzaren aldezle suharra izan zen. 1792an gudarosteko teniente zena, 1794an dibisio jenerala zen. 1797an Napoleonen Italiako kanpainan parte hartu zuen. 1798an Déserée Clay, Napoleonen emaztegai izana eta Josef Bonaparteren ezkonarreba zenarekin ezkondu zen. 1799an ez zion lagundu Napoleoni Direktorioa kendu zuen estatu kolpean, baina ez zion eragotzi ere. Frantziako mariskal (1804) eta Pontecorvoko printze (1806) izendatu zuen Napoleonek. 1805etik 1810era Napoleonen kanpaina guztietan parte hartu zuen: Austriako kanpaina, Prusia eta Poloniakoa, Herbehereetako defentsa Ingalaterraren inbasioaren kontra, etab. 1810ean Suediako erregetzarako oinordeko izendatu zuen Suediako Parlamentuak, Karlos XIII.ak semerik ez zuenez, Napoleonek Suediaren kontra eraso egin ez zezan alde batetik, eta Bernardotte mariskalak suediar presoei Alemanian emandako tratu onaz eta Hansako hirietan ezarritako gobernu onaz fidaturik. Karlos XIII.a Suediakoak semetzat hartu zuen. Karlos Joan izena harturik, errege-oinordeko gisa, erregek berak baino aginpide handiagoa izan zuen Suediako politikan. Luteranismora aldatu, eta Napoleonen kontra jarri behar izan zuen: hark Ingalaterraren kontra agindutako kontinentearen blokeoa Suediaren merkataritza interesen kontrakoa baitzen, Napoleonen kontrako aliatuekin hitzarmena sinatu zuen 1812an. Aliatuen gudarosteen jeneral nagusi izendaturik, garrantzi handiko papera izan zuen Napoleonen kontra Leipzig-eko guduan (1813). Holstein-go kanpainaren ondoren, Kiel-eko bakea sinatu zuen Danimarkarekin (1814): bake horren bitartez Norvegia Suediaren esku geratu zen. Haren erreinaldian Suediako nekazaritza eta Norvegiako arrantza asko indartu ziren, gerraondoko finantza arazoak konpondu ziren, eta asko ugaldu zen biztanleria. Beste alde batetik, errege autokratiko izateko joera zuen, prentsa askatasuna mugatu zuen, eta nekez baino ez zituen onartu merkataritza eta industria politikan izan ziren aldakuntzak. Bere seme Oskar I.a izan zuen ondorengo.  v  Karlos XV.a. Suediako eta Norvegiako errege 1858-1872 bitartean (Stockholm, 1826 - Malmö, 1872). 1866an Suediako sistema politikoa aldatu eta bi ganberako Parlamentua ezarri zuen.  v  Karlos Gustabo XVI.a. Suediako errege 1973etik aurrera (Stockholm, 1946). Suediako konstituzio berriaren arabera (1975) paper sinboliko soila du erregeak.