Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kadare, Ismail

Albaniar idazlea (Gjirokastra, 1936). Haurtzaroan faxismoaren gogortasuna nozitu zuen, eta ondoren, gerrak eraitsitako Albaniaren antolakuntza berriaren garaian izan zuen hezkuntza. Tiranan hasitako literatura ikasketak Moskun jarraitu zituen, Gorki Institutuan. 1954an argitaratu zuen lehen poema liburua (Gaztaroko inspirazioak) eta handik hiru urtera Amets gaiak. Moskun zelarik Albaniaren eta SESBen arteko harremanak eten ziren (1960); garai hartakoa da Negu luzea eleberriaren lehen idazketa. Etenaren ondorioz Albaniara itzuli eta Drita (Argia) izeneko aldizkarian zuzendari lanetan aritu zen, eta kazetari lanari ekin zion. Gaur egun Les lettres albanaises aldizkari frantsesez idatziaren zuzendari da. Lehen eleberri argitaratua Armada hileko jenerala (1967) izan zuen. Handik hara, eleberrigintzan nabarmendu da, batez ere. Kadareren eleberririk ezagunenak dira: Lotsaren hilobia, Kush e solli Doruntinėn (Eztei bidaia), Prilli i thyer (Apiril urratua), Koncert nė fund tė dimrit (Kontzertua), Ura me tri harqe (Hiru begiko zubia, Juan Mari Arzalluzek euskarara itzulia), Kronikė nė gur (Harrizko herriaren kronika), Nėpumėsi i pallatit tė endrrave (Ametsen jauregia). Obra horietan Albaniaren historia kontatzen du era berezi batean, historiari atxikirik batzuetan, errealismo sozialistaren ikuspegitik bestetan. Diputatu izan da anitzetan Albaniako legebiltzarrean eta Albaniako Fronte Demokratikoko lehendakariordea izana da. Gaur egun Parisen bizi da erbesteratuta.