Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Juana Inés de la Cruz, Sor

(Juana de Asbaje sortzez). Euskal jatorriko mexikar idazlea (San Miguel de Mepantla, 1651 - Mexiko, 1695). Bergarakoa zuen aita, Pedro Manuel de Asbaje. Etxe onean sortu zen eta ikasle ona izan zen haurtzarotik. Ospe handia izan zuen bizi zelarik eta Ameriketako idazle espainiar barroko hoberentzat hartua da. 1667an hasi zen karmeldarren komentuan eta lekaime jeronimotar bihurtu zen 1669an. Poemak, auto sakramentalak eta komediak, eta hitz lauzko obrak idatzi zituen. Poema mota asko landu zuen eta haren poemetan giro barrokoa nagusi den arren, XVIII. mendea arte zabaldu ez ziren gaiak erabili zituen (1689, Inundación castálida, poema bilduma). Auto sakramentalak idatzi zituen, Espainiako gustuaren arabera (El cetro de José; El mártir del Sacramento), eta obra landuagoak aurkeztu zituen komedietan, Calderón de La Barca-ren ildotik (Los empeños de una casa; Amor es más laberinto). Prosa ere landu zuen eta obra bizia eskaini bere Respuesta a Sor Filotea de la Cruz gutunean. 1695. urtean hil zen Juana de Asbaje, Mexikoko izurritean laguntza lanetan ari zela kutsaturik. Juana de Asbajek behin baino gehiagotan aitortu zuen bere jatorri euskalduna eta pasarte txiki batzuk idatzi zituen euskaraz bere poema batzuetan.