Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jiménez, Juan Ramón

Espainiar olerkaria (Moguer, Huelva, 1881 - San Juan de Puerto Rico, 1958). 1900an joan zen Madrila eta Rubén Darío ezagutu zuen han. Orduan argitaratu zituen bere lehen lanak, erromantizismoz beteak. Helios aldizkaria, modernismoaren historian berebiziko garrantzia izan zuena, sortu zuen Valle-Inclán, Machado eta beste zenbaitekin batera. Haren lehen obretan frantses sinbolisten eta Espainiako modernisten eragina nabarmena da (Rimas, Arias tristes, Jardines lejanos, Elejías, Pastorales...). 1916an ordea beste poesia mota bati ekin zion, Estatu Batuetara joan eta Zenobia Camprubirekin ezkondu zenean, hain zuzen. Pasadizo sentimentalak eta modernisten erretorika baztertu zituen, metrika tradizionaletik aldendu eta barne ikuspegietan oinarritu zen, arimaren ikuspegietan (Diario de un poeta recien casado, Eternidades, Piedra y cielo). Ildo horretatik jarraitu zuen 1949. urtean Animal de Ronda lana idatzi zuen arte. Honetan eta Dios deseante y deseado izenekoan metafisikan eta existentzialismo modernoan murgildu zen. Hitz lauz ere idatzi zituen lanak, Platero y yo (Platero eta biok, Bingen Amezagak euskaratua), eta bere garaikideen karikaturak diren Españoles de tres mundos lana, adibidez.  v  Literaturako Nobel saria jaso zuen 1956an.