Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jiménez, José

Espainiar filosofoa (1943). Filosofiaren barruan, estetikaren esparruan jardun du bereziki, eta estetikako katedra du Madrileko Unibertsitate Autonomoan. Eremu horren barruan Walter Benjamin idazlea aztertu du batik bat. 1990ean Madrileko Estetikarako eta Artearen Teoriarako Institutua sortu zuen, eta bertan argitaratzen da berak zuzentzen duen Creación aldizkaria. 1992an Madrilen egin zen Estetikari buruzko Nazioarteko Kongresuko lehendakari izan zen, eta 1993an Argentinako La Plata Unibertsitateko honoris causa doktore izendatu zuten. Bere idazlanen artean El ángel caído. La imagen artística del ángel contemporáneo (1982, Aingeru eroria. Egungo aingeruaren irudi artistikoa), La estética como utopía antropológica. Bloch y Marcuse (1982, Estetika utopia antropologiko gisa. Bloch eta Marcuse), Filosofía y emancipación (1984, Filosofia eta burujabetza ), La vida como azar (1989, Bizitzaren halabeharra), Cuerpo y tiempo. La imagen de la metamorfosis (1993, Gorputza eta denbora. Metamorfosiaren irudia) eta Memoria (1996, Memoria) nabarmen daitezke.