Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jenner, Edward

Ingeles sendagilea (Berkeley, 1749 - Berkeley, 1823). Baztangaren kontrako txertoa aurkitu zuen 1776an. Behiak maiz jezten zituztenek baztanga zabaltzen zen aldietan ez zirela gaixotzen, eta behiek erroetan izaten dituzten pusiletan baztangaren eragilea izan zitekeela oharturik, behi jezleak baztangaren eragilea maiz ukitu izanak gaixotasun horren kontra sendotzen zituela atera zuen ondorioz. Biztanleak gaixotasun horren kontra babesteko, zauritxo arin batzuk egin eta behien erroetako pusiletako isurkariz igurzten zituen; baztangaren eragilea, ahuldurik, odolera zuzen iritsi zedin, eta era horretara, gaixoaldi arin baten ondoren, txerto hori egiten zitzaiona gaixotasun horri aurre egiteko prest geratzen zen. Lehen txertoa behi erroetako pusiletatik egin zelako, hainbat hizkuntzatan txertoa esteko latinezko vaccinae (behiarena) hitzetik eratorritako formak erabiltzen dira. Jenner-ek asmatutako metodoa, hots, txertoarena, mundu osoan zabaldu zen. An inquiry into the causes and effects of the variolae vaccinae (1798, Baztangaren kontrako txertoaren arrazoiez eta ondorioez galdeketa) liburua idatzi zuen. v  Metodo honen bidez immunokimikaren zientziaren oinarriak ezarri zituen Jenner-ek. Bere txertoari esker Europan baztanga desagertu zen. Handik urte batzuetara Louis Pasteur frantses kimikariak (1822-1895) metodo bera erabili zuen beste eritasun batzuetarako. ik. immunitate.