Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

isomeria

iz. Biokim. Gai batzuek, osagai mota eta kopuru berez osatuak izan arren, eragin fisiko edo kimiko desberdinak izateko duten ezaugarria, molekulan atomoek duten kokagune desberdinari zor zaiona. Kimika organikoari dagokio, batez ere, isomeria, eta mota nagusiak hauek dira: A) Isomeria laua. l) Kokagunekoa: atomo jakin bat karbono atomo desberdinei atxikia dago. Adibidez, orto-diklorobentzenoa eta para-diklorobentzenoa. 2) Kateazkoa: karbono katearen egitura desberdina da. Adibidez, pentanoa, 2-metilbutanoa (isopentanoa) eta 2,2-dimetilpropanoa. 3) Funtziozkoa: isomeroak ez dira funtzio organiko berekoak, eta kimika eraginak ere erabat desberdinak dira. Adibidez, propanona eta propanala. B) Esteroisomeria edo isomeria espaziala. l) Geometrikoa edo cis-trans: elkarren ondoan dauden bi karbono atomoei atxikiriko ordezkoak berdinak dira, eta karbono atomo horiek ez dute loturaren inguruan biratzerik, lotura hori bikoitza delako, edo, nahiz eta bakuna izan, ziklo batean sartua dagoelako (ziklamoak). Isomero geometrikoek –ziklamoetan nahiz ziklogabeetan– bi modutako egiturak dituzte: cis eta trans. Ziklogabeen formula orokorra RXC=CXR’ da. 2) Isomeria optikoa: bi egitura espazial desberdin dituzten isomeroetan gertatzen da. Bi egitura horiek berdinak diren arren, ez dira planoarekin simetrikoak, eta bata da bestearen isla ispiluan. Isomero optikoen eragin fisikoak guztiz berdinak dira, argiaren polarizazioari dagozkionak izan ezik, batak eskuinerantz bideratzen baitu argia (dextrogiroa), eta besteak, indar berdinez, ezkerrerantz (lebogiroa). Ugari dira isomeria optikoa duten gai organikoak, horretarako baldintza bakar bat baita: molekulan karbono atomo asimetriko bat (lau erradikal desberdini atxikitutako karbonoa, alegia) izatea. Karbono asimetriko hori izartxo (*) batez markatzen da. Butanol-2 izeneko gaiak, adibidez, isomero formula horiek ditu.