Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

islamismo

iz. Islama; musulmanen artean, islamiar legeak (sharia) gobernaturiko gizarte motara itzultzea eskatzen duen mugimendu politiko, sozial eta erlijiosoa. 1970eko hamarraldiaz geroztik, mugimendu honetako alderdirik erradikal eta bortitzena izendatzeko erabiltzen da, normalean fundamentalismo edo integrismo islamiarra deitzen dena izendatzeko, nahiz eta islamismoak berez indarkeriaren bidea gaitzesten duen. ■ Ideologia eta ekintzak. Islamismoaren barruan ideologia joera bat baino gehiago aurki daitekeen arren, helburu batek batzen ditu denak: Korana hitzez hitz interpretatuz bizi den gizarte motara itzultzea. Gobernu eta erakunde laikoak ez dira gizarte musulmanaren ezaugarritzat hartzen. Eredutzat umma hartzen da (islamiar komunitatea). Kezka nagusietako bat berdintasunarena dute: beren gizarte barruko desberdintasunak ez ezik, herrialde aberatsen eta pobreen arteko aldeak ere gaitzesten dituzte. Beste kezka bat kulturarena da: mendebaldeko ohiturak (arropa, balioak, gizarte ereduak, egitura politikoak, hizkuntza, nortasuna…) azalekoak eta arriskutsuak direla, eta beren kultura galarazten ari direla uste dute. Politikari dagokionez, herrialde musulman batzuek sistema kapitalistaren eredua hartu dute, eta beste batzuek sozialistarena, baina arrakasta handirik gabe; horregatik, islamiarrek garai batean munduan zehar indartsu egin zituen eredua berrezartzen saiatzen dira. 1969an Muammar al-Gaddafi-k Libiako Arabiar Herri Errepublika Sozialista ezarri zuen, panislamismoa eta sozialismoa lotzen zituen erregimen mota, eta 1979an, Ruhola Khomeini aiatolak zuzendutako iraultzaren ondorioz, errepublika islamiar bihurtu zen Iran. Mugimendu eta alderdi politiko islamiarrek hori hartu zuten eredutzat. Harrezkero, beste herrialde batzuetan ere ezarri da islamiar eredua, arrakastaz: Sudanen, Pakistanen, Txetxenian eta talibanen mende dauden Afganistango lurraldeetan adibidez; Saudi Arabian ere bai, baina askok ez dute islamiartzat hartzen herrialde hura, aberatsen eta pobreen arteko aldeak direla eta. Berez, demokraziaren alde eta diktaduraren aurka daude, islamiarren eredua shura baita. Bertan, buruzagia gizartearekin harremanetan dago; beren beharrez, ideiez galdetu, eta herriak esaten dienaren baitan jokatu behar dute. Hala ere, gaurko buruzagi batzuek hori ahaztu eta diktadore gisa jokatzen dute, Iranen eta Sudanen adibidez, nahiz eta egoera hori behin-behinekotzat duten. Jordanian eta Turkian, aldiz, arrakastaz ezarri dira demokraziak. Politika ekonomikoan, islamiar gehienek demokrazia sozialetik gertu dagoen sistema defendatzen dute, eta eredu horretatik urruntzen direnek gehiago jotzen dute kapitalismo aldera (Aljerian), komunismora baino. Maileguetako eta gordailuetako interesen aurka egotea dute ezaugarri nagusia. Izan dira interesik kobratzen ez dituzten bankuak jartzeko saioak, baina zenbait kasutan porrot egin dute, Egiptoko 1980koan adibidez. ■ Islamismoa hirietan, eta jatorri apaleko gazte ikasien artean ari da zabaltzen, batez ere lanpostu ugari jatorri aberatseko jendeari ematen zaiola uste dutelako. Ez dute gizartea hankaz gora jarriko duen iraultzatzat hartzen islamismoa, balio zaharrak berreskuratuko dituen eta gainbehera dakarten elementuak kanporatuko dituen iraultzatzat baizik. Nekazari herrietan dirauten balio zaharkituak ere utzi eta berritu egin nahi dituzte. Horretarako, ez dituzte aurrerapen teknologikoak gaitzesten; aitzitik, beren gizartean orokortu nahi dituzte. Emakumeei buruzko iritzia oso desberdina da joeren arabera, baina gehienetan emakumeek islamiar egiturak beren burua askatzeko onartu dituzte. Emakumeek lan egiteko eta politikan eta gizartean eragina izateko eskubidea dutela defendatzen du islamismoak. Baina, oro har, islamiar taldeek gizonari bizitza soziala dagokiola eta emakumearen ardura nagusia familia dela uste dute; hala ere, oso gutxitan gertatzen da emakumea etxeetan gordeta edukitzea. 1980 eta 1990 arteko krisialdi sozioekonomikoak, herrialde musulman gehienetan mendebaldeko ohiturak hartu izanak, eta ekonomiaren globalizazioak mesede handia egin zioten islamaren oinarrira itzultzeko eta berezko nortasuna bilatzeko ahalegin horri. ■ Indarkeria. Islamiar mugimendu batzuk indarkeriaren aldeko dira, eta estatuari izaera erlijiosoa emateko bide gisa ikusten dute. Islamiar fundamentalisten lehen atentatuak Anaia Musulmanak edo Jihad islamiarra deituriko taldeak –Hezbola mugimendu xiitaren beso armatuak– egin zituen 1945ean. Mugimendu hori 1928an sortu zuen Egipton Hasan al-Banna-k. 1970eko hamarraldian talde armatuak ugaritu egin ziren. Egipto, Siria eta Jordanian, bertako erregimen laikoetan ezegonkortasuna sortzea zuten helburu. 1981ean, Jihad-eko kide batek Egiptoko presidente Anwar al-Sadat, hil zuen. 1983an talde horrek berak AEBko eta Frantziako soldaduen aurkako bi atentatu egin zituzten Libanon. Talderik bortitzena, Hamas, 1988an sortu zen. Jihad-en adar batetik eratorria da, eta Palestinako estatua ezartzeko Israelen aurka borroka armatua egitea defendatzen du. Persiar golkoko gerraren ondoren (1991), islamiar terrorismoa indarturik berpiztu zen. 1992an Aljeriako hauteskundeetan Salbazioko Fronte Islamiarrak (FIS) irabaz ez zezan, agintean zeudenek estatu kolpe bat eman eta legez kanpo utzi zuten FIS. Horren ondorioz, gerra zibila piztu zen armadaren eta islamiar taldeen artean (FIS alderdia eta Talde Islamiar Armatua). ik. FIS.