Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Islandia

(Izen ofiziala, Islandiako Errepublika; Islandieraz, Lydveldid Island). Ozeano Atlantikoko iparraldeko uhartea eta estatua, Groenlandiatik 300 kilometro hego-ekialdera, Eskoziatik 800 kilometro ipar-mendebaldera, eta Norvegiatik 1.000 kilometro mendebaldera. 102.819 km2 eta 313.376 biztanle (2008ko estimazioa, islandiarrak). Hiriburua: Reykjavik (105.000 biztanle, reykjavikarrak). Hizkuntza: islandiera. Erlijioa: luteranismoa (% 96). Dirua: koroa. ■ Lurraldea. Ipar Atlantikoaren eta Ozeano Artikoaren artean dagoen haitz handi bat da Islandia, batez beste 500 metro dituen goi-lautada bat. Mendikate batek ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du herrialde osoa, eta izotzezko eremu zabal bat eratzen du. Mendikate horretan sortzen dira lurraldeko ibai gehienak. Itsasertza hautsia eta irregularra da, fiordo eta sartu-irten ugarirekin. Klima samurragoa da hegoaldeko eta mendebaldeko kostaldean, itsasoko ur-laster epelen eraginez, eta inguru hartan bizi da jenderik gehiena. Reykjavik da herrialdeko hiriburua eta ekonomiagune nagusia, eta ordoki emankor batean dago, gainerako hiri guztiak bezala. Iparraldeko kosta askoz hotzagoa da, iparburuko ur-laster hotzen eraginez. Sumendiak eta geiserrak daude, eta energia sortzeko erabiltzen dira. ■ Biztanleak. Islandiako biztanle gehienak norvegiar, eskoziar eta irlandarren ondorengoak dira. Gaur egun biztanleen % 90 hirietan bizi dira. Hiri nagusiak: Akureyri – 17.253 (2007) biztanle, iparraldeko kostako arrantza eta industriagune nagusia–, Kopavogur (30.000 biztanle), Hafnarfjördur (17.538 biztanle) eta Keflavik (7.508 biztanle), hego-mendebaldeko kostan, Reykjaviketik hurbil; Vestmannaeyjar (4.870 biztanle), Heimaey-ko uhartean, hegoaldeko kostaren parean; eta Selfoss (3.977 biztanle), hegoaldeko lur beheretan. Selfoss da Islandiako nekazaritzagune nagusia eta barrualdeko herri handiena. Bertakoen hizkuntza islandiera da; eskandinaviar zaharretik hurbilago dago gainerako eskandinaviar hizkuntzak baino. Biztanle gehienek beste hizkuntzaren bat ere badakite. Islandiako osasun sistema munduko aurreratu eta hoberenetako bat da, eta horri esker bizi itxaropena 81,5 urtekoa da. ■ Ekonomia. Ekonomiaren oinarriak enpresa pribatuen esku daude, baina gobernuak kontrolatzen eta gainbegiratzen ditu sektorerik inportanteenak. Banku eta finantza erakunde gehienak gobernuaren esku daude, eta energia sortzeko azpiegitura gehienak ere bai. XX. mendearen hasiera arte nekazaritza izan zen Islandiako biztanleen bizibide nagusia; arrantza ekonomiaren osagarri besterik ez zen. XX. mendearen erdialdetik aurrera baina, arrantza eta arrainaren eraldatze industria dira ekonomiaren oinarririk garrantzitsuenak. Energia hidroelektrikoaren eta energia geotermikoaren potentziala izugarri handiak dira. ■ Gaur egun biztanle aktiboen % 5 baizik ez da nekazari lanetan aritzen (1930ean, berriz, % 36 ari zen). Lurraren % 1 besterik ez da lantzen eta batez ere arbia eta patata egiten dira. Gaur egun oso zabalduta dago energia geotermikoko berotegiak erabiltzea loreak, fruitu exotikoak eta barazkiak lantzeko. Lurraren % 20 abereak larratzeko erabiltzen da. Gorago esan den bezala, gaur egun arrantza eta arraina eraldatzeko industria dira Islandiako langintza inportanteenak: esportazioen % 79 eta langileen % 12 hartzen dute. Mundu osoan harrapatzen den bakailao gehien-gehiena Islandiak arrantzatzen du, eta beste arrain mota askoren munduko ekoizle handienetako bat ere bada. Nazioarteko herrialdeen presioari amore emanez, Islandiak balea harrapatzeari utzi zion 1989an, baina 1992ko ekainean, galzorian izendatu zituztenean Islandiaren ekonomiarentzat garrantzi handikoak diren arrain mota batzuk arriskuan jartzen dituzten baleak, Islandiak bertan behera utzi zuen balearen arrantza arautzen duen nazioarteko erakundea. ■ Islandiak ez du mea baliabide handirik. Arraina eraldatzeko industriaz gainera, beste industria txiki asko dago, barne merkatura begira lan egiten dutenak: ongarriak, arropa, zapatak, xaboia, gai kimikoak, liburuak eta tresna elektrikoak. Islandiak potentzial energetiko izugarria du. Orain arte ez da ibaien potentzial hidroeletrikoaren hamarren bat besterik erabili, eta energia geotermikoaren potentzialaren % 5. Argi indarraren % 85 zentral hidroelektrikoetan lortzen da. Lurpetik sortzen den ur beroa etxeak berotzeko, berotegietarako eta beste zenbait jardueratarako erabiltzen da. Lehengaiak inportatuz aluminioa eta beste gai batzuk ekoizten dituzten lantegi handi batzuk ere badira, eta horietako batzuk atzerritarrak dira, Islandian energia baliabide merkeak izateko aukerak erakarrita joandakoak. 2008ko krisi ekonomikoak gogor astindu zuen Islandia, inflazioak izugarri egin zuen gora, banku nagusiek porrot egin zuten eta jende askok aurreztutako diru guztia galdu zuen.  v  Literatura. Islandiako literaturan, eta oro har Eskandinaviakoan, bi aldi nagusi bereizi ohi dira: IX. mendearen erdialdetik XIII. mendearen bukaera bitartekoa eta XIX. mendetik gaur egun artekoa. Lehen aldi horretako literaturak Germaniako eta Eskandinaviako elezaharretan du oinarri eta hiru motako obrak bereizi ohi dira: “edda” edo antzinako kantu edo poema bildumak, gorteko olerkariek printzeen eta erregeen omenez egindako elegiak, eta “sagak”, Islandiako literaturaren emaitza berezkoena, ahoz-aho jasotako kontakizunen hitz-lauzko bildumak (ik. edda, saga.). Islandiako literaturaren bigarren aldi nagusia XIX. mendean hasi zen abertzaletasunaren eta erromantizismoaren eraginak suspertuta. Susperraldi horretan oso lagungarri izan zen Fjölnir aldizkaria, Bjarni Thorarensen-en eta Jonas Halgrimssonen olerkiak argitara eman zituena. Lehen eleberrigilea Jon Thoroddsen izan zen, erromantikoa berau ere. XX. mendean, berriz, Islandiako literaturan ildo berria ireki duen eta eleberrigintzaren eraberritzailetzat hartu den Halldor Kiljan Laxness da aipatzekoa (Atomstödin, 1946), 1955ean literaturako Nobel saria jaso zuena. ■ Historia. IX. mendearen hasieran Irlandako fraide eremutarrak iritsi ziren Islandiara eta han bizi izan ziren Norvegiako bikingoak heldu ziren arte, 874. urtean. Bikingoek, Ingolfur Arnarsonen gidaritzapean, Reykjavik izango zenaren inguruetan hartu zuten bizitokia. 930. urtean lehen parlamentu nazionala (Althing) antolatu zuten, eta lurraldea kristautzeko joan ziren misiolariei laguntza ematea izan zen erakunde horren zereginetako bat; izan ere, X. menderako Islandiako biztanle guztiek kristau erlijioa hartua zuten. Barne arazoak zirela eta, 1262-64 urteetan gerra zibila piztu zen, eta haren ondorioz Norvegiako agintaritza onartu zuten Islandiako aitonen semeek; 1380. urtean Danimarkak eta Norvegiak bat egin zutenean, Danimarkaren mendean geratu zen Islandiako gobernua. Ordutik aurrera, eta 400 urtez, uhartearen egoera politikoak zein ekonomikoak gainbehera egin zuen, alde batetik, abere hazkuntzarako lur hoberenak agortu zirelako eta, bestetik, Danimarkako agintariek egindako gehiegikeriak zirela eta. Danimarkako Kristian III.a erregeak luteranismoa finkatu zuen Islandian bere agintaldian (1534-1559). Merkataritzaren monopolioa ere ezarri zen 1602an, Islandiako ekonomia kontrolpean izan zuena. Monopolio hura indargabetu zenean, 1787an, hasi zen suzpertzen Islandiako ekonomiaren egoera.  v  XIX. mendean independentziaren aldeko mugimendu bat sortu zen Jon Sigurdsson-en gidaritzapean. 1874an, Danimarkako Kristian IX.a erregeak Islandiako konstituzioa onartu zuen, eta 1903an gobernu autonomo nazionala eratu zen Reykjavik-en. Handik gutxira, 1918an, estatu independente egin zen, Danimarkarekiko lotura bakarrak monarkia eta kanpo arazoetako politika bera edukitzea zituena. Bigarren Mundu Gerran Alemaniak Danimarka hartu zuenean, Britainia Handiko eta Estatu Batuetako gudarosteek Islandian jarri zuten beren base militarra. 1944an parlamentuak errepublika onartu zuen. Gerra ostean Islandia independenteak izan zituen arazo nagusiak gobernuak arrantzarako eremua 200 miliatara zabaltzeko erabakia hartu zuenean sortu ziren, eta istiluak izan ziren Britainia Handiarekin eta beste nazio batzuekin 1960. urte inguruan. NATO-ko kide da 1949ez geroztik. 1980an, Vigdis Finnbogadottir hautegai independenteak –Estatu Batuek Islandian zuten basea ixtearen aldekoa bera– irabazi zituen hauteskundeak, ezkerraren laguntzaz. Botoen % 34 lortu zuen, eta bera izan zen Islandiako lehendakaritza lortzen zuen lehen emakumezkoa. 1983an ekonomia neurri zorrotzak ezarri ziren inflazioa gutxitzearren. Urte bakar batean % 130etik % 27ra jaistea lortu zen. 1984an berriro hautatu zuten lehendakari Vigdis Finnbogadottir. 1985ean Legebiltzarrak Islandia arma nuklearrik gabeko eremu izendatu zuen, eta herrialdean arma atomikoak sartzea debekatu zen. Garai hartan Estatu Batuek Islandian zuten basea zen oraindik islandiarren eztabaidagai nagusia. 1988ko irailean Islandiako gobernuak adierazi zuen ez zuela bestelako proiektu militarrik. Urte hartan bertan tirabirak izan ziren Islandiaren eta Estatu Batuen artean, Islandiak 80 balea eta 40 baleakume harrapatzeko harturiko erabakiak Balearen Arrantzarako Nazioarteko Batzordeak ezarritako luzamendua hausten zuelako. Islandiak balearen arrantza programa zientifiko baten barruan zegoela erantzun zuen, eta ez zuen bere jarrera aldatu. Estatu Batuek Islandiako arrantza produktuei boikot egiteko mehatxua egin zuten, eta erakunde ekologista batzuetako kideek bi baleontzi hondoratu zituzten Reykjavikeko badian. 1987an Islandiak balea gutxiago harrapatuko zuela adierazi zuen, baina Estatu Batuen mehatxuak ez ziren horratik eten, eta hurrengo urtean, harrapatutako balea kopurua oraindik gehiago murriztuko zuela agindu zuen. 1988ko hauteskundeetan berriro hautatu zuten, hirugarren aldiz, Vigdis Finnbogadottir lehendakari, botoen % 90 inguru eskuratuta. Irailean Steingrimur Hermannssonek hartu zuen Lehen Ministro kargua, zentroko eta ezkerreko koalizio baten buru (Alderdi Sozialdemokrata, batetik, eta Herri Aliantza sozialista, bestetik). Nazioarteko presio gero eta handiagoaren aurrean –«Greenpeace» talde ekologistak islandiar produktuei boikot egitera deitu zuen–, 1989ko abuztuan gobernuak balea harrapatzeko programa bi urtez bertan behera uztea erabaki zuen. Urte hura oso urte zaila izan zen Islandiako ekonomiarentzat, Ozeano Antartikoko beste herrientzat bezala, arrainaren prezioaren jaitsiera zela-eta. 1990ean gobernuak Ingurumen Ministerioa sortu zuen, eta Julius Solnés izendatu zuten ministro. 1991ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Hermannsson Lehen Ministroaren ezkerreko eta zentroko alderdien koalizioa izan zen garaile, 63 aulkitik 32 eskuraturik. Azkeneko urteetan, zenbait arrain motaren erreserbak (bakailaoarena, esate baterako) asko murriztu dira, eta arrantza, lan sektore garrantzitsuena, krisian sartu da. Hori dela eta, Islandiak atzerritar itsasontzien sarbidea murriztea erabaki zuen, eta erabaki horrek arazoak sortu dizkio beste herrialde batzuekiko merkataritza harremanetan. Balearen arrantza ere debekatuta dago gaur egun. Lehenago, Islandiak balea haragi asko saltzen zuen Japoniara. Argi indarra erruz izanik, Islandiak metal ez ferrosoen eraldatze industria bultzatzea espero zuen, baina sektore horretan Errusia lehiakide gogorra du, eta lehiak nazioarteko merkatuan prezioa murriztea dakar. Turismoa da uhartearen ekonomia suspertzeko esperantzetako bat. 1993an hartz zuria babesteko legea onartu zen, galtzeko arrisku bizian baitzen. 1993ko urte hasieran Legebiltzarrak baiezkoa eman zion Islandia Europar Batasunean sartzeari. 1995eko hauteskundeetan Independentziarako Alderdiak Legebiltzarreko 63 aulkietatik 25 eskuratu zituen eta aliantza bat egin behar izan zuen Alderdi Progresistarekin Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko. Hamasei urtez herrialdeko buru izan ondoren, lehendakaria ez zen hauteskundeetara aurkeztu. Finantza ministro ohiak, Olafur Ragnar Grimssonek, Herri Aliantzakoak, irabazi zituen hauteskundeak, botoen % 41 eskuratuta. 1996an, Olafur Ragnar Grimsson-ek irabazi zituen hauteskundeak. 2005eko urrian, manifestazio handiak izan ziren —50.000 lagun hiriburuan eta 10.000 beste hiri batzuetan— 1975ean egindako manifestazioak gogoratuz; orduan, 25.000 emakumek greba eta manifestazioak egin zituzten gizonen soldata berdina eskatuz. 2006an, Geir Hilmar Haarde, Independentziaren Alderdiko hautagaia, izendatu zuten lehendakari.
http://www.iceland.is/