Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

islam

(Arab. “Jainkoaren nahiaren aldeko mendekotasuna”). Mahomak (Muhammad) Arabian VII. mendean sorturiko erlijioa. Monoteismoa eta erlijio praktika zorrotz batzuk ditu oinarri. Jarraitzaileei edo fededunei musulman deritze. Gaur egun musulmanak 400.000.000 inguru dira, eta islama da erlijio nagusia Asia eta Afrikako lurralde askotan. Koran deritzan liburuarekiko jaiera du islamak ezaugarri nagusi, han biltzen baita, musulmanen sinesmenaren arabera, Jainkoak Mahomari egindako adierazpena. Korana arabieraz idatzirik dagoenez, mundu osoko islamiarren artean erabiltzen da hizkuntza hori. Ala (Allah) da Jainkoaren izena. Jainkoarenganako jarrera da musulmanen jokaeraren oinarria: Haren nahiari egiten diote men; Hura laudatzen eta loriatzen dute. Ezein izaki ezin da Alarekin alderatu, eta Hari baizik ez diote otoitz egiten musulmanek. Mahoma da Jainkoaren azken profeta (beste profetak: Adam, Noe, Abraham, Moises eta Jesus). Munduaren amaieran epaiketa bat izango da, eta zintzoak zerura eta fedegabeak infernura joango dira. Musulman jainkozale arruntak ez du bereizkuntzarik egiten sinesmenaren eta egintzen artean; biak dira ezinbesteko eta elkarren osagarri. Islamak bost betebehar nagusi ezartzen dizkio musulmanari: “Ez da jainkorik, Jainkoa baizik” aldarrikatu behar du; egunean bost aldi jakinetan Mekara begira otoitz egin behar du; eskuzabal eman behar du limosna; Ramadan deritzan baraualdia gorde behar du (musulman egutegiko bederatzigarren hila); bizitzan behin Mekarako erromesaldia (Hajj) egin behar du, eragozpen larririk ezean. Bada, bestetik, debeku sail bat: alkohola, zerrikia, jokoa, lukurreria, iruzurra, gaizkiesatea, izaki bizien irudiak egitea. Koranaren osagarri, sunnah direlakoak (Mahomaren esan, gertaldi eta exenpluak) erabiltzen dira. Islamarekin bat etortzearen printzipioa (Ijma) baliatzen da itxurazko kontraesanak gainditzeko. Sunniak eta xiiak dira islamaren bi adar nagusiak. Kaliferriaren ondorengotasunari buruzko tirabiretatik dator zatiketa, musulman aroaren lehen mendetik. Musulmanen jakintza bideak hiru joera nagusi erakutsi ditu historian zehar: legezaletasuna, arrazionalismoa eta mistizismoa; filosofia ez da inoiz erlijiotik garbi bereizi. Musulman kulturaren arorik bikainena IX. mendetik XI. mendera bitartekoa da. Musulman estatuetan musulmanek baizik ez dute hiritar eskubide osorik; musulman ez direnak arrotzat jotzen dira. Islamak ez du onesten apaiz klaserik, baina erlijio eta lege arduradunek ahalmen handia dute, beste erlijioetakoen antzera. Ez dago bereizkuntza garbirik lege zibilen eta erlijiozkoen artean.  v  Islamaren dotrinak eta Koranaren interpretazioak. Koranak hainbat dotrina eta interpretazio izan ditu sortu zenez geroztik: a) Hadit-a. Ezer baino lehen Mahomaren esanei eta pasadizoei buruzko tradizioak (sunnah) aipatu behar dira, horien bildumek eratzen baitute Hadita. Islamiar talderik handienak, talde ortodoxoak (sunniak), sei bilduma onartzen ditu, kristau aroko IX. mendean (hejiraren III. mendean) bildutakoak guztiak. Beste talde handiak (xiiak) bere Hadit propioa du. b) Ijma. Hegiraren II. mendean Koranaren interpretari (ijma) guztiak ados jarrita, Koranaren interpretazioak finkatu zituzten behin betiko. Handik aurrera, guztiz debekatua geratu zen halakorik egitea. c) Ijtihad. Islamaren lehen mendean, ahalegin handiak egin ziren Korana egoera berrietara moldatzeko (ijtihad). Hala, behin Koranaren atalak edo bildumak finkatu zirenean eta interpretariak ados jarri zirenean, Koranaren interpretazioak agindu eta dogma bilakatu ziren, eta bakarkako gogoetak interpretazio bidetzat ematea debekatuta geratu zen. Hala ere, geroago ere izan ziren bakarkako gogoeten aldeko pentsalari musulmanak; XI. mendean bizi izan zen Al-Gazali, esate baterako, edo XVIII. eta XIX. mendeetako erreformatzaileak.  v  Islamaren bost zutabeak. Mahoma hil zenean, haren jarraitzaileek beharrezkotzat jo zuten islamaren oinarriak edo funtsak finkatzea, fededun guztiek haiek bete zitzaten. Funts edo oinarri haiei islamaren bost zutabeak (arkan) deitu zitzaien. Beste adar batzuk (jariyarrak, adibidez) seigarren zutabe bat gehitzen ahalegindu ziren, Yihad edo gerra santuarena, alegia, baina ez zuten lortu.
Fede edo sinesmen aitorpena da lehenengo zutabea: “Ez da Alaz beste Jainkorik, eta Mahoma da haren profeta” esapidea funtsezkoa da islamiarren artean. Horregatik, fededunak bizitzan behin gutxienez esan behar du argi eta garbi, eta zer esaten duen ongi jabetuz; dena den, islamiarrek oso sarri erabiltzen dute esapide hori eta garrantzi handiko ospakizun eta gertaera guztietan errepikatzen dute. Bestetik, Mahoma Alak argitutako profeta dela aitortu eta Koran liburu sakratuko irakaspenak onartzen dituzte: sinesten dute Jainko sortzaile bakarra dela, hark aingeruak eta profetak bidali dituela (Adan, Abraham, Moises, Jesu Kristo eta Mahoma), gizona hil ondoren berpizten dela, azken epaia izango dela eta beste bizian saria dagoela prestu eta zuzen jokatu dutenentzat.   
Otoitza da bigarren zutabea. Otoitzak erritu, gorputz jarrera eta hitz jakin batzuk ditu, eta islamiarrak egunean bost bider egin behar ditu horiek Meka aldera begiratuz; egunsentian, eguerdian, arratsaldeko hirurak eta bostak bitartean, arratsaldean eguzkia ezkutatu baino lehen, eta, azkenik, gauean. Islamean ez dago liturgiarik, ezta apaizik ere; berez, predikatzaileak, eta otoitza gidatzen duten arduradunak (imanak) baizik ez daude, eta mezkitatik otoitzera dei egiten dutenak (muezinak); ostiraletan egiten da otoitza mezkitan eta aurretik imanak sermoi edo hitzaldi bat esaten du politikari, gizarteari eta moralari buruz.          
Legezko limosna da hirugarren zutabea. Limosna (zakat) nor bere dituen ondasunetatik eta diruzalekeriatik garbitzeko modu bat da, eta urteko sari gisa eman behar da, dirutan nahiz bestelako gauzatan. Estatuak bil dezake eta premia askotarako erabiltzea dago; behartsuei emateko, gerrako gatibuak aske uzteko ordainetan, zor handiegiak kitatzeko, gerra santurako, eta hezkuntza eta osasunerako, besteak beste.        
Baraua da laugarren zutabea. Ramadan garaian (musulmanen egutegiko bederatzigarren hilabetean) baraua gorde behar du islamiarrak eguzkia irteten duenetik sartzen den arte. Hala ere, eriek edo bidaiariek atzeratzea badute, ezinbestean. Horrez gainera, hartarako modua dutenek behartsu bat mantendu behar dute.          
Mekara erromes joatea da bosgarren zutabea. Hartarako ahalmena duten islamiar guztiek, bizitzan behin bederen, erromes joan behar dute Mekara urteko azken hilabetean. Erromesak zazpi itzuli eman behar ditu Kaaba tenpluaren inguruan eta Abrahamen harri beltza ukitu behar du eta musu eman.  v  Islamaren legea. Islamaren legea (Sharia) Alaren nahiaren adierazpena da, eta fededunek itsu-itsuan makurtu behar dute haren esanetara. Islamaren legea gizonaren alderdi guztiez arduratzen da: giza harremanez, gizarteko arazoez, moralaz eta Jainkoarekiko gizonak dituen obligazioez.