Islamiar Konferentziaren Erakundea
Zenbait islamiar estatu biltzen dituen erakunde politiko eta ekonomikoa. 1971n sortu zen, musulmanen arteko lankidetza ekonomikoa, politikoa eta soziala sustatzeko, eta Leku Santuak babesteko, palestinar herriari bere lurralde historikoa berreskuratzeko borrokan laguntzeko, kolonialismoaren aurka borrokatzeko, eta islamiar erlijioko herrien arteko batasun eta elkartasuna bultzatzeko. 1990eko hamarraldi bukaeran herrialde hauek ziren bertako kideak: Aljeria, Libia, Egipto, Txad, Niger, Mauritania, Senegal, Gambia, Ginea Bissau, Ginea, Sierra Leona, Gabon, Burkina Faso, Kamerun, Benin, Maroko, Tunisia, Uganda, Somalia, Maldivak, Komoreak, Yemen, Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia, Indonesia, Malaysia, Brunei, Bangladesh, Tadjikistan, Kirgizistan, Pakistan, Iran, Kuwait, Bahrein, Azerbaijan, Turkmenistan, Qatar, Siria, Irak, Libano, Turkia, Albania eta Djibuti. Idazkaritza Nagusia Saudi Arabiako Jiddah-n dago. Helburu nagusi hauek dituzte: kide diren herrialdeen artean merkatu librea bideratzeko neurriak hartzea, azpiegiturak sortzea (garraiobideak, erietxeak, eskolak…), munduan zehar banatuta dauden musulman gutxiengoei babesa ematea, eta, oro har, giza eskubideak betetzen direla begiratzea. Bestalde, Palestinarako bake prozesua aurrera eramateko bitartekotza lan garrantzitsua egin du, eta baita beste herrialde batzuetako (Afganistan, Sudan…) liskarretan ere. Organo nagusia Estatuburuen Konferentzia da. Hiru urtetik behin biltzen da, eta bertan hartutako erabakiak betearaztea Atzerri Ministroen Konferentziaren esku dago. Horiek urtean behin biltzen dira, eta Estatuburuen Konferentzian jorratuko dituzten gaiak prestatzen dituzte. Administrazio lanak Idazkaritza Nagusiaren ardura dira; berak koordinatzen ditu zenbait erakunde espezializaturekiko harremanak, Garapeneko Islamiar Bankuarekikoak edo Garapeneko Islamiar Zentroarekikoak adibidez.
- isla 2
- Isla
- islam
- Islamabad
- islamabadar
- Islamiar Konferentziaren Erakundea
- islamiar
- islamismo
- Islandia
- Islandia-espatoa
- islandiar