Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Irving, Washington

Estatu Batuetako idazlea (New York, 1783 - New York, 1859). Lege ikasketak hasi bazituen ere, ez zituen bukatu eta bidaiak egiten eta, aldi berean, idazten hasi zen. Hasierako lanetan New York-eko gizartearen satira egin zuen. Ordukoak dira: Salmagundi: or the whim-whams and opinions of Lancelot Langstaff (1807-1808, Salmagundi: edo Lancelot Langstaff-en iritzi eta ateraldiak) eta History of New York (1809, New York-eko historia). 1818an Amerika utzi eta Ingalaterrara joan zen, eta hamazazpi urtez han bizi izan zen. Ingalaterran zelarik idatzi zuen The sketch-book (1819-1820, Zirriborroen liburua), Europako elezahar askoren bertsioa ematen duena. Europan barrena egindako bidaietatik sortu zitzaion The Alhambra (1832, Alhambra) izeneko ipuin bilduma, Irving-en ezagunena dudarik gabe. Atzera Estatu Batuetara itzulita, Sunnysiden (Tarrytown, New York-etik gertu), hartu zuen bizilekua, eta han eman zituen bere bizitzako azken urteak. Hil aurretxoan bukatu zuen Life of Washington obra. Irving-en lanetan ezaugarri erromantikoak antzematen dira: historiaren eta gauza exotikoen ardura, eta herri ohiturekiko interesa. Zubi lana egin zuen Europako kulturaren eta Estatu Batuetako kultura hasi berriaren artean.