Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iruraitz-Gauna

Arabako erdialdeko udalerria (Arabako Lautada eskualdea). Iruraiz-Gauna du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Dulantzi; ekialdean, Agurain; mendebalean, Dulantzi, eta hegoaldean, Maeztu. Garaiera, 638 m. 47,09 km2. 1997ko datuen arabera, 418 biztanle ditu (iruraiztarrak; gaunarrak). Herrigune hauek osatzen dute Iruraitz-Gaunako udalerria: Gauna, Azilu (herriburua), Jauregi, Gereñu, Alaitza, Langarika, Gazeo, Ezkerekotxa, Arrieta, Erentxun, Argomaiz, Añua eta Trokoniz. Gaztelania da gaur egun bertako hizkuntza nagusia. Hizkuntza banaketa 1996an: 35 euskaldun, 73 ia euskaldun eta 298 erdaldun. Laborantza (garia, garagarra, patata, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (zerri eta ardi azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Alaitzako eta Gazeoko elizetako fresko erromanikoak eta gotikoak (XI-XII. - XIV. m.).  v  Historia. Iruraitz-Gaunako udalerria 1967. urtean osatu zen Iruraitz udalerri ohiak eta Gauna herriak bat egin ondoren.