Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Irujo Ollo, Manuel

Nafar politikari abertzalea (Lizarra, 1891 - Iruñea, 1981). Daniel Irujo Urraren semea zen. Filosofia eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean eta Salamancan. 1908. urtean sartu zen Eusko Alderdi Jeltzalean, eta Lizarran hartu zuen egoitza 1911. urtean, bere aita hil ondoren. Lizarrako Eusko Etxea sortu ondoren, Nafarroako foru diputatu aukeratu zuten 1919an (baliorik gabe utzi zuten azkenean hautapen hura) eta 1921-1923. urteetan. Baina presondegian sartu zuten Primo de Riveraren diktaduraren hasieran. Nafarroako Foru Diputaziora itzuli zen 1930ean eta Madrilgo Parlamentuko diputatu aukeratu zuten Gipuzkoan 1931. urtean. Diputatu izan zen 1936ko gerra hasi arte eta guztiz nabarmendu zen Hego Euskal Herriko autonomia estatutuaren aldeko ahaleginetan. 1936ko uztaileko 19an, militarrak Espainiako errepublikaren aurka altxatu zirenean, Manuel Irujo eta Jose Maria Lasarte Eusko Alderdi Jeltzaleko diputatuek militarren matxinada gaitzesten zuen agiria eman zuten ezagutzera Donostiako gobernu zibilean eta neurri honek errepublikaren aldekoen artera lerrarazi zituen duda-mudatan zeuden Euzko Alderdi Jeltzaleko buruzagiak. Hasieratik ikusi zuen Irujok euskal gobernu eta armada baten beharra eta, Errepublikako gobernuak Euzko Alderdi Jeltzaleari ministro kargu bat izan zezan aukera aurkeztu zionean, Irujo proposatu zuen alderdi abertzaleak kargu horretarako, Espainiako gobernuak aldez aurretik autonomia estatutua onartzen bazuen. Kargu berezirik gabeko ministro izan zen Irujo, 1937ko maiatzean Justizia ministro hautatu zuten arte. Erbestean, hitzarmen bat izenpetu zuen De Gaulle jeneralarekin Londresen 1941. urtean, “herrien Europa” bati begira 1945. urtean Iberiako Nazioen Elkartea bultzatzen saiatu zen eta Euskadi, Iberiako nazioak eta Europako gainerako nazioak lotuko zituzketen ekimenez eta erakundeez arduratu zen bereziki aurrerantzean. 1977. urtean itzuli zen erbestetik Nafarroara Manuel Irujo eta senatari aukeratu zuten urte horretan bertan Nafarroan. Nafarroako foru parlamentari hautatu zuten 1979an eta 1981ean hil zen Iruñean. Manuel Irujo Eusko Alderdi Jeltzaleak izan dituen buruzagi argienetakoa izan da eta idatzi asko utzi ditu: Instituciones jurídicas vascas (1945), Inglaterra y los vascos (1945), Escritos desde el Partido Nacionalista Vasco (1982an, Bilbon argitaraturiko idazki bilduma).