Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Inmarsat (Itsas Sateliteen Nazioarteko Erakundea)

Lur, aire eta itsasoz komunikatzeko satelite sistema kudeatzen duen erakundea. Helburutzat bakea zuela sortu zen, eta 1979an hasi zen lanean, mundu osoan satelite bidezko merkataritza garraioetan komunikazioa emateko. Ondoren, 1985 eta 1988 artean, komunikazio aeronautikoetara eta lurrekoetara hedatu zuen bere jarduna. 1995ean 78 estatu kide ziren. Inmarsat-2 eta Europar Espazio Agentziari alokatutako beste satelite batzuei esker, erakundeak zerbitzu ugari eskaintzen ditu: telefonoa, telexa, faxa, posta elektronikoa, kokaerari eta egoerari buruzko informazio automatikoa lur eta aireko garraiobideetarako eta segurtasunerako eta sorospenerako zerbitzuak. 1992an lurreko 25.000 erabiltzaile baino gehiago zituen. Sarea eguneko 24 orduetan kontrolatzen dute Londresen duen egoitzatik. Kide diren estatuak bi urtetik behin biltzen dira batzar nagusian, egindako lanak ikuskatzeko, helburuak erabakitzeko eta kontseiluari aholkuak emateko. Kontseilua gutxienez urtean hirutan biltzen da, eta inbertsio handiena egin duten 18 herrialdeez eta garapen bidean daudenen interesak defendatzen dituzten beste lau herrialdeez dago osaturik. Honen eguneroko lana ikuskatzen duen administrazio organoa, azkenik, direktorioa da.