Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iglesias, Pepe

(Jaiotza izena, José Angel). Argentinar antzezle komikoa (Buenos Aires, 1915 - Santiago, Txile, 1991). Buenos Airesko vodevil-etan hasi zen antzerki lanak egiten, baina Espainian lortu zuen osperik handiena, 1950eko hamarraldiaren erdialdera, Servicio Español de Radiodifusión irratiko irratsaioen bidez. El Zorro goitizena erabiliz, El Hotel de la sola Cama irratsaioa sortu zuen. Bertan, "desarrollismo" garaiko Espainiako arazo sozialen parodia egiten zuen. Berak interpretatutako pertsonaiarik ezagunena Finado Fernández izan zen. 1960ko hamarraldia arte irratiko errege izenaz ezagutzen zuten, baina handik aurrera, telebistaren eraginez, bere ospea itzalduz joan zen. Telebistako saioetan eta film kaskar batzuetan parte hartu zuen arren, ez zuen telebistaren munduari egokitzen jakin. Urte batzuk lehenago Argentinako irrati eta telebistarako lanak ere egiten hasi zen. Bihotzeko gaitz batek jota hil zen, Txileko ospitale batera zeramatela, eta Buenos Airesen lurperatu zuten.