Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iglesias Guisasola, Cristina

Gipuzkoar eskultorea (Donostia, 1956). Kimika ikastetak egin ondoren, artegintzara bideratu zuen bere jarduna. Bartzelonan marrazkigintza eta zeramika ikasi ondoren, Londresera joan zen 1980an Chelsea School of Art ikastegian bere prestakuntza osatzera, eta hantxe egin zituen bere lehen erakusketak. Nazioarteko izena 1993an heldu zitzaion, Veneziako Bi Urtekoan parte hartu ondoren. Azken urteotan Torrelodonesen (Madril) bizi da eta bertan lan egiten du. Maiz erakutsi du bere lana mundu osoko museo eta erakustaretoetan. 1997 eta 1999 urteen artean, New Yorkeko Guggenheim, Chicagoko The Renaissance Society, Madrilgo Reina Sofia eta Bilboko Guggenheimen aurkeztu du bere lana, besteak beste. New York eta Bilboko Guggenheim museoetan eskaini zitzaion erakusketak atzera begirakoak izan ziren; Bilboko Guggenheimen ere baditu lanak bilduma iraunkorrean. 1999an Berlingo Art Forum azokan aurkeztu zituen bere lanak, eta urte berean Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela egin zuen. Eskulturako irakaslea izan da lau urtez Municheko Arte Visualen Akademian. Iglesiasek eskulturaren irakurketa poetikoa egiten du. 80. hamarkadaren bukaeran erabiltzen zituen materialetatik (burdina, egurra, larrua eta beira) garapen bat nabari da bere lanean hurrengo hamarkadan. Azkeneko obretan, argazkilaritza darabil oinarri bezala eta eskultura arkitekturarekin lotua ulertzen du. Arco Madrilgo Arte Garaikide Azokan ere ia urtero egon ohi da bere lana ikusgai, eta 2001. urtean hiru erakusketa berri garrantzitsu ditu: Nîmeseko Arte Garaikidearen Museoan, Chicagoko Donald Young eta Municheko Lehnbachhaus erakustokietan. 1999. urtean, bestalde, Espainiako Kultura Ministerioak Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zion, Pablo Palazuelo artistarekin banatua, bere "erabateko sormena eta etorkizun ikarragarria" goraipatuz.