Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iglesias Posse, Pablo

Espainiar politikaria (El Ferrol, Coruña, 1850 - Madrid, 1925). Langile familia batean jaio zen. Tipografoa izan zen lanbidez. Hogei urte zituela Nazioarteko Langileen Elkartean izena eman zuen, eta La solidaridad aldizkarian artikuluak idazten hasi zen. 1879an PSOE alderdia eratu zuen ezkutuan; urte berean El Socialista egunkaria sortu zen eta bera izendatu zuten zuzendari. Ondorengo urteetan bere ardurapean izan zituen PSOE alderdia, UGT sindikatua eta alderdiaren egunkaria, eta aldi berean II. Internazionaleko biltzarretan parte hartu zuen. 1905 arte Espainiako alderdi sozialistak urte latzak izan zituen (grebak, kartzela, zigorrak…), eta hauteskundeetako emaitzak ez ziren onak izan. Baina 1905ean Madrilen bi zinegotzi sozialista hautatuak izan ziren, egoitza berria ireki zuten, eta 1910ean Espainiako Kongresuko diputatu hautatua izan zen Pablo Iglesias. Parlamentuko diputatu gehienak aurka zituenez gero, salaketak egiteko erabili zuen bere kargua. Osasun txarrak ez zion han luzaroan parte hartzen utzi, baina eragin handia izan zuen hil arte bere alderdiko buruzagi gazteengan. Pablo Iglesias hil ondoren Espainiako alderdi sozialista hedatu egin zen, eta bera izan zuen, bere idatzi eta hitzaldien bitartez batez ere, idologo nagusia.