Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibargoiti

Nafarroako erdialdeko udalerria eta ibarra (Zangozako merindadea). Mugak: iparraldean, Untzitibar eta Itzagaondoa; ekialdean, Urraul Beiti; mendebalean, Elo, eta hegoaldean, Oibarre eta Leotz. Garaiera, 600 m. 54,31 km2. 1999ko datuen arabera, 231 biztanle ditu (ibargoitiarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Abintzao, Idotzin (herriburua), Izko eta Getze-Ibargoiti. Elortz ibaiak zeharkatzen du ibarra. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mendearen bukaeran galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Laborantzan (garia, garagarra, patata, landare lekadunak, mahastiak) eta abere hazkuntzan (ardi azienda) oinarritua da ekonomia jarduera nagusia.  v  Historia. X. mendeko dokumentu batean aipatzen da Ibargoitiko ibarra lehen aldiz. Eloko udalaren administrazioaren mendean egon ziren Ibargoitiko herriak 1845. urtera arte.