Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hus, Jan

Erlijio erreformatzaile txekiarra (Husinec, Bohemia, 1370 inguruan - Konstantza, 1415). Pragako unibertsitatean egin zituen ikasketak. Arte lanetan graduatu ondoren, teologiako batxilergoa lortu eta 1400ean apaiztu zen. Teologia fakultateko dekano, unibertsitateko erretore (1402) eta predikari ospetsu izan zen. Garai hartan ezagutu zituen J. Wyclef eta Pragako Jeronimo. Hitzaldi sonatuak eman zituen elizgizonen bidegabekerien kontra. Wyclef-en Trialogus itzultzeak predikatzeko debekua ekarri zion. Birritan jaso zuen Aita Santuaren eskumikua. Husek, ordea, bere irakasbideari tinko eutsi zion. Hungaria eta Poloniaraino hedatu ziren haren irakaspenak. Konstantzako Kontziliora (1414) deitu zutelarik, heretikotzat kondenatu eta sutan erreta hil zuten, ez baitzen makurtu bere sinesmen irakatsiei uko egitera. v Jan Hus abertzale zintzotzat eta fedeagatiko martiritzat dute txekiarrek. Hari zor zaio, orobat, txekieraren ortografia finkatzea eta hizkuntza literarioaren egokitzapena. ik. hustar.