Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Huber, Klaus

Suitzar musikagilea (Berna, 1924). Zuricheko Kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak (1947-1949) eta Berlineko goi mailako musika eskolan osatu zituen (1955-1956) Boris Blacher musikagilearekin. 1964an Paul Sacher orkestra zuzendariak Basileako Kontserbatorioko musikagintza eta instrumentazio eskolen ardura eman zion; haren aurretik, Pierre Boulez eta Henri Pousseur arituak ziren lan berean. 1979an musikagintza irakasle izendatu zuten Friburgoko Goi Mailako Musika Eskolan. Huberren lana Weberren ondoko musikagileenen artean zabalenetakoa eta garrantzitsuenetakoa da, eta hala Errenazimentuko eta Erdi Aroko idazkera tradizioen, nola musika serialaren eta elektroakustikoaren tekniken eragina du. Bere soinu arkitekturetan masaren eta xehearen arteko oreka nabarmentzen da, eta maisutasun handia du orkestraren eta ahotsen idazkeran. Aipagarriak ditu lan hauek: Soliloqua (1959-1964), San Agustinen testu batean oinarritua, bakarlari, koru eta orkestra handiarentzat; Tenebrae (1966-1967), orkestra handiarentzat; Inwendig voller Figur… (1970-1971), koru, banda magnetiko eta orkestra handiarentzat, San Joanen Apokalipsiaren testuetan oinarritua; Im Paradis oder Der Alte vom Berge (1973-1975), bost ekitaldiko opera, alemanera itzulitako Alfred Jarryren testu batean oinarritua, mimo, antzezle, kantari bakarlari, koru misto, banda magnetiko eta orkestrarentzat, eta Erniedrigt-Geknechtet-Verlassen (1981) oratorioa, besteak beste.