Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Huber, Robert

Alemaniar biokimikaria (Munich, 1937). Molekula erraldoi garrantzitsu baten egitura aztertu zuen lantaldea zuzendu zuen. Molekula horrek fotosintesian parte hartzen du, hots, landareek beren landare ehuna egiteko eguzki argia erabiltzen duten prozesuan. Lan hori dela eta, 1988an Kimikako Nobel saria jaso zuen Huberrek bere lankide Johann Deisenhofer eta Hartmut Michelekin batera. Huber 1963an egin zen doktore, intsektuen metamorfosia kontrolatzen duen ecdysone hormonari buruzko ikerlan batekin. Gero X izpien bidezko kristalografian lan egin zuen, hau da, kristalezko gaien atomoen antolaketa X izpien bidez zehazten saiatu zen. 1972an Martinsriedeko Max Planck Biokimika Institutuaren zuzendari egin zuten. Hala ere ikasketak egin zituen Municheko Unibertsitate Teknikoarekin lanean jarraitu zuen, eta 1976an bertako irakasle egin zen. Max Planck Institutuan molekula erraldoi multzo handi baten X izpien bidezko kristalografian parerik ez zuen laborategia antolatu zuen. 1982an, beste talde batean lan egiten zuen Hartmut Michelekin jarri zen harremanetan. Michelek fotosintesirako garrantzitsua zen bakterio baten molekula konplexua kristalizatzea lortu zuen. Huberrek bere taldeko Johann Deisenhoferri molekularen X izpien bidezko kristalografia egiten lagun ziezaion agindu zion. 1985ean amaitua zuten lana. Molekula bakterio batena baldin bazen ere, egitura zehazteak asko lagundu zuen harekin lotura hertsia duen landareen fotosintesia argitzen.