Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Houston, Whitney

Estatubatuar abeslaria (New Jersey, 1963). Abeslari familia batean hazi eta hezi zen, eta hamaika urte zituela gospel talde batean abesten hasi zen. Zenbait artistarentzat bigarren ahotsak eginez aritu ondoren, 1985ean bere lehenengo diskoa argitaratu zuen, arrakasta handiz. Handik gutxira munduko abeslari inportantenetako bat bihurtu zen. 1987an Estatu Batuetako disko salduenen zerrendetako lehen tokia lortu zuen “I Wanna Dance With Somebody” kantuarekin, eta bere lehen bi diskoetatik 25 milioi ale baino gehiago saldu zituen. 1992an The Bodyguard (Bizkarzaina) filmean parte hartu zuen, protagonista gisa, Kevin Costnerrekin batera. Bai filma bai filmeko musika (historiako soinu bandako diskorik salduena) bere karrerako mugarri bihurtu ziren. Sari asko irabazitakoa da: bost Grammy (horietako hiru 1994an) eta hemeretzi American Music Award sari besteak beste.