Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hontz

iz. Zool. Titonidoen familiako, buru handi zabala eta aurrera begirako begiak dituzten zenbait gau-hegazti harrapariren izena. v Hontz zuria (Strynx flammea edo Tyto alba). 40 cm inguru luze izaten da. Buruaren aurreko aldean begiak eta mokoa biltzen dituen bihotz-irudiko ilezko disko bat izaten du, belarri gainetan aldiz ez du lumazko mototsik. Gorputzaren gaineko aldean urre kolore gorrixka du, baina luma beltz eta zuriz orbandua. Paparraldea eta moko ingurua zuriak ditu. Gaua zuhaitz zuloetan edo basetxeetako ganbaretan ematen du eta egunez ateratzen da janari bila, txori eta ugaztun txikiak harrapatzera. Kontinente guztietan bizi da. v Hontz handia (Bubo bubo). Europako hontzik handiena da, 70 cm inguru luzea. Belarri antzeko lumazko bi motots ditu buru gainean, begien parean, eta begiak berak, aldiz, handi biribilak eta urre kolorekoak ditu. Gorrixka izaten da kolorez, bizkarraldera eta gorri ilunagokoa, baina baditu orban eta zerrenda arreak ere. Europa guztian, Afrikako iparraldean eta Asiako leku askotan bizi da, mendiko oihanetan, estepetan eta gizona bizi den inguruetan ibiltzen da batez ere. Eguna argitzean edo ilunabarrean irteten du janari bila, txori eta ugaztun txikiak harrapatzera. v Elurretako hontza (Nyctea scandica). Hontz handiaren neurritsukoa, luma sarri luzeak eta guztiz zuriak dituena. Artikoko belar zelaietan bizi da, eta eiderrak, erbiak eta arratoiak jaten ditu. v Baso hontza (Strix aluco). 40 cm inguru luzea, buru handi biribila eta begi beltzak dituena. Belarri antzeko lumarik ez du buruan. Kolore gris gorrixka, luma zuri eta arrez orbandua du. Europa guztian, Txinan, Himalaiako zenbait eskualdetan eta Afrikako iparraldean bizi da. v Hontz txikia (Otus scops). 17 cm inguru luzea, eta belarrien gainean luma sarriko mototsa duena. Luma arre eta grisez nabartua du kolorea. Europako hegoaldean, Asiako erdialdean eta Afrikako zenbait lekutan bizi da.