Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Honorio

Zenbait Aita Santuren eta antipaparen izena. Honorio I.a. 70. Aita Santua (625-638). Campania-ko noblea eta San Gregorio Magnoren ikaslea. Ingalaterrako misioak bultzatu zituen. Kristoren “bi energien” auzian monoteliten aldekoa izatea leporatu zioten. Arrazoi horregatik, haren ondorengoek kondenatu egin zuten Konstantinoplako kontzilioan (680). v Honorio II.a, Cadallus Pallavicinus. (Verona ondoan, 1009 inguru - 1072). Antipapa (1061-1072). Parma-ko apezpikua zela (1044), Inperioak izendatu zuen antipapa, ez baitzuen onartzen Alexandro II.a Aita Santutzat. Erroma hartu zuen (1062), baina alemaniar printzeak alde batera utzirik, bere barrutira erretiratu behar izan zuen. v Honorio II.a, Lamberto Scannabecchi. 161. Aita Santua (1124- 1130). Ostia-ko apezpiku kardinala izan zen (1117) eta Worms-eko konkordatua negoziatu zuen (1122). Hitza izan zuen Lotario III.a enperadore hautatzerakoan. San Lazaro ordena militarra sortu zuen Lurralde Santuetarako erromesak babesteko. v Honorio III.a, Cencio Savelli. 175. Aita Santua (1216-1227). Inozentzio III.aren ondorengoa zen, eta hark urratutako bideari lotu zitzaion: Albitarren aurka borrokatu zen eta gurutzada jarraitu zuen. Frederiko II.a koroatu zuen. Frantziskotarren, karmeldarren eta domingotarren erregelak berak onetsi zituen. v Honorio IV.a, Giacomo Savelli (Erroma, 1210 - Erroma, 1287). 188. Aita Santua (1285- 1287). Aurrekoaren familiakoa. Eskale ordenen alde jokatu zuen, eta ekialdeko eta mendebaleko elizen batasunaren bila ahalegindu zen. Anjou etxea hobetsi zuen Siziliako auzian, Aragoikoaren kaltetan.