Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henry, Pierre

Frantses musikagilea (Paris, 1927 - Aix-en-Provence, 1995). Piano eta perkusio ikasketak egin zituen Parisko Konserbatorioan. Gaztetatik soinu mota guztiak erabiltzeko interesa erakutsi zuen, are artean “musika soinutzat” hartzen ez zirenak ere. 1949an Frantziako Irratiko estudio elektronikoan hasi zen lanean, eta estudio haren sortzaile Schaefferri estetika musikal berri bat sortzen lagundu zion, Groupe de Recherche de Musique Concrète taldeko kideak dagoeneko saiatzen ari zirenaren bidetik, Schaefferren beraren gidaritzapean betiere, musika konkretua izenarekin. Henry Pierreren eta musikagile eta hots ingeniari horren arteko lankidetzaren emaitza nagusia Symphonie pour un homme seul (1950, Sinfonia gizon bakarrarentzat) izan zen. Aurrerago, Pierre Henryk harreman estua izan zuen Maurice Béjart dantzari eta koreografoarekin. Bien arteko lanaren emaitzatik, hauek dira aipagarrienak: Le Voyage (Bidaia), La Reine verte (Erregina berdea), Variations pour une porte et un soupir (Bariazioak ate eta hasperen baterako). 1958an Apsone-Cabasse estudioa fundatu zuen, eta musika konkretua eta hotsa bitarteko elektronikoen bidez lortzeko teknika berriak nahasten hasi zen. 1960ko hamarraldiko bigarren erdian krisi espirituala izan zuen. Garai hartako lanen artean aipagarriak dira Liverpooleko meza ospetsua (1968), San Joanen Apokalipsia (1968) eta Zeremonia (1969). 1970eko hamarraldian, baina, bizitzaren ideia mistiko aztertu berriak hasieran eragin zion lilura galduta, iraupen luzeko hainbat obra egin zituen, aurretik grabatutako era guztietako hotsak erabiliz. Azkeneko lan horien artean aipagarria da, adibidez, Bigarren sinfonia.