Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henreid, Paul

(Jaiotza izena, Paul George Julius Henreid Ritter Von Wassel-Waldingau). Estatubatuar zinema aktore eta zuzendaria, austriarra jatorriz (Trieste, 1908 - Santa Monica, Kalifornia, 1992). Suediar baroi baten semea zen. Arte dramatikoko ikasketak egin zituen, eta antzoki batean Max Reinhardten laguntzaile lanak egiten ziharduela, Otto Premingerrek aktore dohainak ikusi zizkion. Bere lehen filma, Hohe Schule (1934), Austrian egin zuen, baina nazismoaren erasotik ihesi, 1935ean Britainia Handian lan egin behar izan zuen, eta 1939az geroztik Estatu Batuetan. Goodbye, Mr. Chips (1939) filmean parte hartu zuen, eta nazismoaren arriskuez ohartarazten zuten zenbait lanetan ere bai: Last Train to Munich (1940), Joan of Paris (1941) eta Casablanca (1942), azken horretan, Europa erdialdeko erresistentziako kide baten papera eginez. Warner etxeak kontratatu zuen, eta entzute handia lortu zuen Now Voyager (1941) filmean, Bette Davisen senarraren paperean. Ondoren The Spanish Main (1945), Last of the Bucaneers (1950), Song of Love (1947) eta Of Human Bondage (1946) filmetan ere parte hartu zuen. 1948az geroztik bere filmak ekoizten hasi zen, eta 1957tik aurrera, zuzendari lanetan hasi zen. Hala, For Men Only (1951), A Woman´s Devotion (1957), Live Fast, Die Young (1960) edo Dead Ringer (1964) filmak eta Alfred Hitchcock Presents telebistako saioko kapitulu asko ere berak zuzendu zituen. Gero, 1970eko hamarraldian, superprodukzio askotan agertu zen: The Four Horsemen of the Apocalypse (1962), Operation Crossbow (1965), The Madwoman of Chaillot (1968) eta Exorcist II (1977).