Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henson, Jim

Txotxongilo diseinatzaile, zinema zuzendari eta ikuskarien munduko enpresaburu estatubatuarra (Greenville, Mississippi, 1936 - New York, 1990). Mugikortasun handiko oihalezko txotxongiloak egin zituen (1954) Estatu Batuetako telebistarentzat, “muppets” (“teleñekoak”) deituak. 1969an, bere txotxongilo saioa, Sesame Street deitua (Espainiako telebistan, Barrio Sésamo), haurrentzako saioen izar bihurtu zen, eta saio hartako pertsonaia nagusiak oso ezagunak egin ziren etxe guztietan: Bert eta Ernie (Epi eta Blas, Espainian), Big Bird (Caponata), Kermit igela (Gustavo)… The Muppet Show (1976-1981) saioa, Gustavo igelaren eta Peggy txerritxoaren gidaritzapean, ehun herrialde baino gehiagotan ikusi zen. Gero Fraggle Rock saila sortu zuen, eta zenbait film egin zituen bere pertsonaia famatuekin: The Muppet Movie (1979), Kristal iluna (1982), Ninja dortokak (1990). Hil aurretik Walt Disney konpainiari saldu zizkion bere pertsonaien eskubideak.