Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heavy Metal

Rock musikako higikundea. Heavy Metal esapidea ("metal gogor eta astuna" ingelesez) William Seward Burroughs estatubatuar idazlearen The Soft Machine (1961, Makina biguna) liburuko pertsonaia baten izenetik hartua dago: Chico Heavy Metal. Hain zuzen ere, liburua argitaratu eta urte gutxira, Barry Gifford musika kritikari eta eleberrigileak erabili zuen lehen aldiz heavy metal esapidea rock and roll-aren alderdirik erradikalena suspertu zuen mugimendua izendatzeko. Britainia Handiko eta Estatu Batuetako musika taldeak izan ziren higikunde hartako eragile nagusiak: Hawkind, Cream, MC5, Yardbirds, Iron Butterfly, Steppenwoolf, Blue Öyster Cult, Ted Nugent eta Amboy Dukes, Thyn Lizzy, Blue Cheer eta, zenbait adituen ustez, baita Kinks, The Who edota The Stooges taldeak ere. Dena dela, Deep Purple eta Led Zepellin izan ziren rock talde handien aroaren aitzindariak eta nazioarteko heavy metalaren ildo nagusiak markatu zituztenak, Shades of Deep Purple (1968) eta Led Zeppelin I diskoekin, hurrenez hurren, hardcore eta glam musika molde gogorrek hartu zuten jarrera muturreraino eramanez. ■ Rockaren munduan, artifizialki bada ere, musika molde "gogorrak" eta "bigunak" aurrez aurre jarri izan ziren bezala (Rolling Stones eta The Beatles taldeak izan ziren joera bakoitzaren ordezkari nagusiak, hurrenez hurren), heavy metalaren lehen urteetan ere gauza bera gertatu zen. Adituek soinu ahalmenaren arabera ez ezik, Estatu Batuetako rockaren oinarri garbi gogorren jarraitzaile edota Britainia Handiko musikarien sormena elikatzen zuen goranahi eta aniztasun grinaren jarraitzaile zirenen arabera bereizten zituzten taldeak. Hala, heavy metala jatorrizko rocka aldarrikatzeko asmoz sortu zen hasieran, rockaren munduko talde eta musikari nagusien dekadentzia orokorrari kontrajarririk (geldotasuna astintzeko jarrera horrek berak eragin zuen, 1970eko hamarraldiaren bukaeran, punkaren sorrera) eta horregatik bere buruaren karikatura eta diskoetxe handiek agindutako merkatu legearen diktaduraren mendeko jostailu izatera kondenaturik. Blues eta rhythm and blues joeren eraginpean, heavy metal musikariek rockaren berezko mutirikeriaren eta intsumisioaren aldarria egin –edo berreskuratu– zuten, "rock izarren" sistemari erabat kontrajarririk. Teknikari dagokionez, musika tresnen indar proba etengabean oinarritzen zen jarrera hori; ekintzaren zinezkotasunari eman zioten lehentasuna, musikaren birtuosismoari baino gehiago: bateria ahaltsuak, gitarra sutsuak eta zorabiagarriak, baxu ekaiztsuak, eta baztertua goraipatzen zuten ahotsak, rock klasikoaren hitzen argitasun deigarri edo absurdoaren eta narratibotasun ortodoxoaren kontra eta gizarte tradizional, kontserbadore, intolerante eta bere buruaz harro dagoenaren aurka. Elementu orokor horiek, noski, aldaketa asko izan zituzten urteak joan ahala, rock metalikoaren ibilbidearen hasierako urteetan bere nortasun ezaugarriak sendotu gabe baitzeuden oraindik. ■ Historikoak eta helduak. 1970 ondoko lehen urteetan sortu ziren heavy metaleko musika talde ezagunenak. Hauek dira zerrenda amaigabe bateko aipagarrienak: Aerosmith, Blue Öyster Cult eta Mountain (1970), eta The Tubes eta Suzy 4 (1972) estatubatuarrak; UFO britainiarra (1970), Scorpions alemaniarra (1971), Gary Moore eta G-Force, Thyn Lizzy eta Uriah Heep britainiarrak (1972), Judas Priest britainiarrak eta Kiss newyorktarrak (1973an), Rush eta April Wine kanadarrak (1973), AC/DC australiarrak (1974), Van Halen holandarrak (1974an), Rainbow eta Motorhead britainiarrak (1975). Talde hauek talde aitzindari handien ondarea jaso zuten, eta batzuek —Aerosmith, Judas Priest edo AC/DC taldeek batez ere— aurrekoen txanda hartu zuten, heavyaren nortasuna sendotuz, heavytasuna denboran, musikaltasunean eta plastikotasunean finkatuz. Geroago, 1980 inguruko urteetan, punkarekin batera Estatu Batuetan eta Britainia Handian sortu ziren musika moldeei aurre eginez, heavyaren esentziari eutsi zioten. Erreakzio horren ondorioz, 1977. urtetik aurrera ospe handiko taldeak sortu ziren: Iron Maiden, Def Leppard, Saxon, Whitesnake, The Runaways, Girlschool, UDO, Dokken, Metallica, Megadeth, Manowar, The Cult, WASP, Mötley Crüe, Bon Jovi, Skid Row, Twisted Sister, Anthrax, Suicidal Tendencies, Gamma Ray, Black Crowes, Queensrÿche, Paradise Lost, Fight, eta Cycle Sluts From Hell, beste askoren artean.