Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hearst, William Randolph

Estatu Batuetako politikaria eta enpresaburua (San Francisco, 1863 - Beverley Hills, 1951). Berrogeitik gora egunkariren eta aldizkari sail baten jabea, New Yorkeko Morning Journal eta New York American, besteren artean. Kazetaritza izugarrikeriazalea sustatu zuen, eta hartaz baliatu zen eragin handiko kanpainiak bultzatzeko. Ezagunenetariko bat Estatu Batuek Kubaren auzia zela medio Espainiaren aurka aldarrikaturiko gerrarena da. Izan ere, Hearst-ek era guztietako hilketak egotzi zizkien espainiarrei egunkarietan; hala, hein handi batean, Estatu Batuen esku-hartzearen (1898) eragile izan zen. Bide beretik, “Arrisku horia” izenaz ezagutu zenaren zabaltzailea izan zen, Asia aldeko herrialdeetatik Sartalderantz etor zitekeen arriskuarena, alegia. Politikan saiatu arren, ez zuen ondorio onik lortu. Hearst-en bizitza izan zen Orson Wellesen Citizen Kane filmaren inspirazio iturria.