Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hamabi Tauletako legea

(Lat. Lex XII Tabularum). Erroman idatzi zen lehen lege bildumaren izena. Elezaharraren arabera, Erromako decenviri edo hamar epaile nagusiek idatzi zituzten lege haiek brontzezko hamabi tauletan, K.a. 451-K.a. 449 bitartean. Ordu arte ahoz aho igaro eta jaso zituzten erromatarrek beren legeak, baina plebe edo herri xeheak eskatuta idatzi zituzten epaile nagusiek, epaile askoren gehiegikerietatik begiratzeko. Hamabi Tauletako legeak erlijio mailako betebeharrak eta nekazaritza eta familia mailako harremanak arautu zituen nagusiki, eta berrikuntza nabariak ekarri zituen Erromako lege araudira.