Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hallstatt

Austriako herria, Salzburgoko hego-ekialdean, Hallstatt aintziraren ondoan. Bertako gatz meatzeak Neolitotik ustiatu izan dira. Hain zuzen ere, 1846an haien ondoan aurkituriko nekropolisaren aberastasuna dela eta (bi mila hobitik gora), Burdin Aroko lehen aldia izendatzeko herri horren izena erabiltzen da. v Hallstatt kultura. Erdialdeko Europako Burdin Aroaren lehen aldiaren izena (K.a. 1000 inguruan - 500 inguruan). Bi aldi bereizten dira: Hallstatt I (1000 inguruan- 700 inguruan) eta Hallstatt II (700 inguruan - 500 inguruan). Lehenengoan, brontzezko ezpaten lekua arian-arian burdinazko ezpata luzeek hartu zuten, metalurgiaren aurrerapenen ondorioz; bigarrenean, berriz, ezpata laburrak, apaindurak (eraztunak, beso-uztaiak, orratzak, lepokoak) eta gurdiak dira nagusi. Zeramikan, kolore kontrastez hornituriko irudi geometrikoak (triangeluak, zirkulu zentrokideak) eta estilizatuak (hegaztiak) ageri dira. Azken aldi horretan ehortzi zein erraustu egiten ziren hilotzak, eta armadurak, gerra-orgak eta apaingarriak ezartzen ziren haien ondoan.