Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gregotti, Vittorio

Italiar arkitektoa (1927). Arkitektura ikasketak egin zituen Milango Politeknikoan (1952). Casabella-continuità arkitektura aldizkarian erredaktore gisa hasi zen lanean, eta Lodovico Meneghetti eta Giotto Stoppinorekin Architetti Associati arkitektura estudioa sortu zuen Milanen. Talde horren lan aipagarrienetako bat Cameri-ko etxebizitzen eraikuntza (1956-1957) izan zen, eraikuntzak dituen villa klasikoen ezaugarriengatik. 1969an unibertsitaterako etxebizitza sail bat egin zuen, Palermon, eta urte eta hiri hartan bertan, Zen auzoko lehiaketetan garaile atera zen. 1982ko Berlingo Eraikuntzaren Nazioarteko Erakusketarako, Gregotti eta bere laguntzaileek etxebizitza sail bat egin zuten. Lan horretan inoiz baino nabariagoa izan zen fabriketako estetikaren erabilera. Estudioko zuzendari izateaz gainera, 1980tik aurrera Rassegna aldizkariaren zuzendari izan zen, eta 1982tik aurrera Casabella-continuità aldizkariarena. Idatzi dituen lanen artean, aipagarria da, besteak beste, Il territorio dell'architectura.