Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Górecki, Henryk Mikolaj

Poloniar musikagilea (1933). Postmodernismoaren musikari nagusietako bat. Katowiceko Musika Eskolan konposizio ikasketak egin zituen Szableskirekin, Karol Szymanowskiren ikasle batekin. Poloniako abangoardiako musikaren aitzindaria izan zen Stalinen ondoko kultura aldian, 1950eko hamarraldiaren bukaeran. Poloniako Musikagileen Batasunaren saria jaso ondoren, musika ikasketak sakondu zituen Parisen, 1961-1963 bitartean. Parisen, Olivier Messiaen, Pierre Boulez eta Karlheinz Stockhausen ezagutu zituen, besteak beste. 1975ean, Katowiceko Musika Eskolako zuzendari izendatu zuten, baina 1979an, karguaren dimisioa eman zuen, presio politikoak zirela medio. Erregimen komunista erori zenean, atzerrira ateratzen hasi zen berriro, eta 1989tik aurrera, berak hartu zuen bere obren emanaldien ardura. Góreckiren lehenengo obrak –Scontri, 1960– serialismoan oinarritzen dira, eta ozentasun erregarriak dituzte, baina Hiru pieza antigoaleko estiloan obratik aurrera (1963), Tatra mendietako folklorearen musikaz eta Poloniako erlijio tradizioez blaitu du berea. Azkeneko lanetan, harmonia modalak, melodia bakunak eta dimentsio zabaleko egituren errepikapenak nagusitzen dira. Horien artean, aipagarria da Deitoreen sinfonia (1976), Bigarren Mundu Gerrako sufrikarioan oinarritua, erabateko arrakasta izan duena. Beste lan batzuk: Beatus Vir (1976) eta Kronos Quartet-entzat idatzitako hiru hari kuartetoak (1988, 1991, 1995).