Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gören, Serif

Turkiar zinema zuzendaria (Iskeçe, 1944). Muntaketa lanak egiten eta zuzendari laguntzaile gisa hasi zen zinemaren industrian lanean. Besteak beste, Lütfi Akkad, Atif Yilmaz eta Memduh Ün zinemagileentzat lan egin zuen, baina batez ere Yilmaz Güneyrekin urteetan egindako lanak markatu zuen bere geroko ibilbidea. Izan ere, Endise (1974) filmaren zuzendaritzan haren lekua hartu behar izan zuenean estreinatu zen zuzendari gisa, Güney atxilo hartu zutelako. Handik urte batzuetara, Yol (1981, Bidea) ospetsua filmatu zuen, Güneyren esanetara, hau espetxean baitzen oraindik (eta Gören bera ere behin-behineko askatasunarekin, sindikalista gisa egindako lanarengatik auziperatua). Film horrek Cannesko Jaialdiko Urrezko Palma irabazteak bere lekuan jarri zuen Güney, bigarren mailara zokoratua egon baitzen ordu arte. Beste lan batzuk: Almanya Aci Vatan (1979), turkiatik emigratutakoek Europan bizi duten egoerari buruzkoa; Gizli Duygular (1984) eta Kurbagalar (1984), Turkiako emakumeen egoerari buruzkoak; Khan (1984) eta Katircilar (1987), herriko eta hiriko gizarteen arteko talkari buruzkoak.