Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gordon, Noah

Estatubatuar idazle eta kazetaria (Worcester, Massachusetts, 1926). Estatu Batuetako bere garaiko idazle hoberenetako bat. Kazetaritza eta letretako ikasketak egin zituen Bostongo Unibertsitatean. Medikuntza ere ikasi zuen, gurasoek hala eskatuta, eta ikasketak bukatu gabe utzi bazituen ere, mundu horrekin lotu zen pixkanaka. 1951n, kazetari gisa, zenbait egunkarirentzat idazten hasi zen, Worcester Telegram eta The Boston Herald-entzat, besteak beste. 1964an, kazetaritza zientifikoa egiten hasi zen. Psychiatric Opinion medikuntza aldizkari ospetsuan argitaratzaile izan zen hamar urtez, eta Estatu Batuetako aditu handienetako bat izatera iritsi zen gai horretan. Idazle gisa egindako lanen artean, aipagarriak dira Rabinoa (1965), Heriotzaren batzordea (1969), eta Jerusalmengo diamantea (1979). Medikuntza gaitzat harturik, berriz, trilogia bat idatzi du: Medikua, Xamana eta Cole doktorea (1986-1995). Hiru eleberri horietan mediku lanbidearen azterketa zabala eta sakona egiten du, Erdi Arotik hasita gaur egun arte. Medikua eta Cole doktorea eleberriek Donostiako Liburu egunean gehien saltzen den liburuari Gipuzkoako liburu saltzaileek ematen dioten saria irabazi zuten 1992 eta 1995. urteetan, hurrenez hurren.