Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goldsmith, Jerrald

(Jerry Goldsmith deitua). Estatubatuar musikagilea (Los Angeles, 1929 - Los Angeles, 2004). Musikarako zaletasun handiko familia batean sortu zen, eta zaletasun horrek bultzaturik, beren semeari musikako eskolak emateko maisurik onenak bilatu zituzten gurasoek. Jakob Gimpel maisuarekin ikasi zuen pianoa, eta konposizioa Mario Castelnuovo Tedescorekin, zeina izan baitzen orobat Goldsmithen belaunaldiko John Williams soinu banden egilearen maisu. Goldsmith gaztetatik izan zen zinemazalea, eta zinemarako musika idaztea zen bere helburu nagusietakoa. Horretan ere laguntza handia eman zion familiak, eta hari esker matrikulatu ahal izan zen Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean. Miklos Rozsaren eskolak hartu zituen, eta harekin ikasi zituen soinu banden konposizioaren oinarriak. 1955. urtean CBS etxearentzat hasi zen lanean eta Climax eta Gunsmoke telebistako sailetako musika idatzi zuen. Harrezkero etengabe jardun zuen lanean, telebistarako batez ere, eta Perry Mason (1957), Errealitatearen mugetan (1960), Kildare doktorea (1961) eta Zigorra (1961) sailekin lorturiko ospeari esker hasi zen Hollywooden lanean. Ezin konta ahala lan egin zituen, baina Tximinoen planeta zientzia fikzioko filmak eman zion lehenengoz ospea; oso musika originala da, perkusio eta haize harrigarriekikoa. 1974. urtean azaldu zen bere lan nagusietako bat, Chinatown, eta Oscar bat lortu zuen handik bi urtera Iragarpena filmeko partitura beldurgarriarekin. Goldsmithek era guztietako joera eta argumentuei egokituriko musika idazteko dohain aparta erakutsi zuen bere karreran zehar. Horrela, 1978an, esaterako, elkarren oso bestelako bi maisulan idatzi zituen, Brasilgo haurrak (1978), musika dotore eta erakargarria, eta Alien, zortzigarren bidaria (1978) filmeko musika misteriotsu beldurgarria, eta berdin-berdin idatzi zitzakeen musika liluragarriak (Legend, 1985) nola indar biziko martxak (Rambo, 1985). 1990eko hamarraldian egindako lanen artean Oinarrizko sena (1992) da ezagunenetakoa.