Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gödel, Kurt

Estatu Batuetako matematikaria, jatorriz austriarra (Brünn, Austria-Hungaria, 1906 - Princeton, 1978). Logika matematikoa landu zuen batez ere. Multzoen teoriaz egin zituen azterketak, eta 1940an frogatu zuen jarraipenaren hipotesiaren erlatibotasuna eta hautatze axiomarena. Bere teoremak garrantzi handia izan zuen ebazkarritasun arazoetan, eta filosofiako zenbait gaitan. v Mat. Gödelen teorema. Gödelen arabera, lehen mailako logikak badu osotasuna, bere baitako printzipioetan oinarritzen baita guztiz; baina bigarren mailako logikak —eta matematikak horrenbestez— ez du osotasunik, bere baitako printzipioak ez direlako aski bere egia frogatzeko. Gödelek froga matematikoak proposatu zituen bere azalpena oinarritzeko. Froga horiek erakusten dutenez, sistema logiko matematiko hertsi batean badira sistema horren berorren axiomen arabera froga edo ezezta ezin daitezkeen proposizioak, eta horrenbestez, ez da egia aritmetikako oinarrizko axiomek kontraesanik izan ezin dezaketela. Froga hori mugarri bat izan zen XX. mendeko matematiketan, eta horren ondorioak oraindik ere eztabaidatzen ari dira.