Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Godden, Rumer

Britainiar idazlea (Sussex, 1907 - Dumfries, 1998). Britainia Handian jaioa zen, baina haurtzaroa Indian igaro zuen, aitak han lan egiten baitzuen; urte haietan bizi izandako esperientziak jaso zituen, hain zuzen ere, bere ahizpa nagusiarekin idatzitako Bi Indiako eguzkipean (1966) liburuan. Harrezkero idatzitako liburu gehienetan ere antzematen da bere bizitzako gertaeren eragina; gertaera autobiografikoak aurkezteko joera nabarmentzen da, esaterako, Dantzarako garaia, ez negar egitekoa (1987) eta Lau gelako etxea (1989) eleberrietan. Literaturan buru-belarri murgildu aurretik dantzarako zaletasuna erakutsi zuen, eta zaletasun haren erreferentzia agertzen du hainbat liburutan, adibidez Ostegunen seme (1984), Entzun urretxindorra (1992), Nartziso beltza (1948) eta Pippa Passes (1994) bere azken obran. 1953an Martin arrantzaleak su ehizean eman zuen argitara, bere lehenengo senar Laurence Fosteren berarengandik banandu ondoren bere bi alabekin Himalaiako mendietan bizi izandako esperientzia lazgarria kontagai duena. Bere kontakizunetan, baita haur literaturakoetan ere, estilo konplexua erabiltzen zuen Goddenek, iragana eta oraina nahasten baitzituen etengabe. Joera horri jarraituz idatziak dira, esaterako, Loreak hondakin artean (1958), Villa Fioritako gudua (1963) eta Klausurako etxe honetan (1969) eleberriak. Gaiei dagokienez, berriz, baztertuen eta beren inguruko komunitatearen arteko gatazka islatzen du, eta katolizismoa ere sarritan izan zuen aipagai. Haur literaturan idatzitako lanak sailkatzen zailak dira, gaien konplexutasuna dela-eta, baina, oro har, helduen munduaren konplexutasuna islatzen ahalegindu ohi zen, haurren adinari eta munduari egokiturik. Aipagarriak dira Indioilarraren udaberria (1975), Panpin-etxea (1947), Diddakoia, ijitoei buruzko haur liburua, zeinarekin eskuratu baitzuen 1972an Whitbread saria.