Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gimeno, Andrés

Espainiar tenis jokalaria (Bartzelona, 1937). Esteban Gimeno Espainiako txapeldunaren semea da, eta aitaren eskutik hasi zen tenisean jokatzen; oso gaztetatik erakutsi zuen teniserako dohain apartak zituela, eta hamabi urte zituenerako Kataluniako txapelduna zen bere kategorian. 1955. urtean Roland Garros Lehiaketako Junior mailako txapela eskuratu zuen, eta handik bi urtera Madrilgo Irekia eta Espainiako txapelketa irabazi zituen. 1959an Davis Kopa jokatu zuen eta hurrengo urtean hasi zen profesional mailan jokatzen. Handik zazpi urtera profesional mailako Munduko txapelketa irabazi zuen Bartzelonan, Australiako Irekian finala jokatu zuen, eta final erdia 1970. urtean Wimbledongo txapelketan. 1972an lortu zuen, dena den, bere karrerako garaipenik sonatuena, Roland Garros irabazi zuenean. 1973. urtean utzi zuen tenis profesionala, hainbat zauri izan ondoren oso ahulduta baitzegoen. Harrezkero teniseko entrenatzaile gisa jardun du.