Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gimbutas, Marija

Lituaniar arkeologoa, kultura indoeuropar primitiboetan aditua (Vilnius, 1921 - Los Angeles, 1994). Hainbat urte eman zituen ikasten eta ikerketak egiten, eta azkenik teoria bat osatu zuen, zeinak esaten baitu orain dela sei-zortzi mila urte, Neolitikoko Europan gizarte matriarkala zela nagusi, eta bakean bizi zela, gainera, gizarte hura; emakumeak jainkotzat gurtzen zituzten, arteekiko zaletasuna zuten eta ez zuten gerra ezagutzen. Hizkuntzalaritzaren alorrean egindako ikerketen bidez ondorioztatu zuen ingelesa, alemana eta frantsesa iranieraren hurbilekoak direla, matriarkatuaren garaian erasotzaileek beren hizkuntza ezarri zietelako. Lehen ikasketak bere sorterrian eginda, eta Alemaniako Tubingeneko Unibertsitatean eskuratu zuen arkeologiako doktoregoa. 1949. urtean Estatu Batuetara alde egin zuen, Harvardeko Unibertsitatean ikerketa ikastaro bat egitera, eta unibertsitate hartako Peabody Museum ikerketa taldeko kide izendatu zuten. 1990. urtean UCLA Unibertsitateko Arkeologia Europarreko irakasle emeritu izendatu zuten. Berrehun artikulutik gora idatzi zituen eta hogei bat liburu, Europako historiaurreari eta folkloreari buruz, besteak beste, Europako Antzinateko Jainkosak eta Jainkoak (1974), Jainkosaren lengoaia (1989) eta Jainkosaren zibilizazioa (1981). Lan hauek guztiek, Europako hego-ekialdean bere zuzendaritzapean egin diren indusketek eta bere teoria ausartek ospe handia eman zioten mundu guztian zehar, eta jakintzaren alor berri baten aitzindaria izan zen, arkeomitologiarena hain zuzen ere.