Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Giménez Martín, Carmen

Espainiar arte eraberritzailea (Casablanca, Maroko, 1943). Gurasoak errepublikanoak zituen eta erbestean jaio zen, Marokon. Sorterrian egin zituen lehen ikasketak, baina ondoren Frantziara aldatu zen Zientzia Politikoetako ikasketak egitera. Parisko Unibertsitatean lizentziatu zen eta geroago Artearen Historia ikasi zuen. 1968an Espainiara aldatu zen eta hainbat erakusketa grafiko antolatu zituen, Grupo 15ko zuzendari eta aholkulari artistiko gisa. Ondoren Estatu Batuetan bizi izan zen, 1982. urtea arte. Hainbat erakusketa antolatu zituen, adibidez Correspondencias entre escultura y arquitectura (Eskulturaren eta arkitekturaren arteko korrespondentziak), Spanish Prints (Espainiar grabatuak), eta nazioartean ospe gehiago eman zion Tendencias en Nueva York (New Yorkeko joerak) izenburuko erakusketa ibiltaria, Frantziako gobernuak hala eskatuta Luxenburgo eta Parisen erakutsi zena, beste zenbait hiriz gainera. 1983. urtean Espainiako Kultura ministerioan sartu zen eta urte hartan bertan Erakusketen Zentro Nazionaleko zuzendari izendatu zuten. Berrehun erakusketatik gora antolatu zituen Giménezek, arrakasta handiz, eta espainiar artearen zabalkundean lan bikaina egin zuen. Aipatzekoak dira, besteak beste, Edvard Munch; Origen y visión de la Nueva Pintura Alemana (Kieffer, Baselitz, Imendorf...); Picabia; 5 Artistas Españoles-Artist Space en Nueva York; Arte Povera; Escultura Española 1900-1937; Frida Khalo; Juan Gris; Miquel Barceló; Maestros Modernos. Colección Thyssen Bornemisza; Richard Long. 1986. urtean Veneziako Bi Urtekoan parte hartu zuen, eta hurrengo urtean Cinq Siècles d'Art Espagnol à Paris erakusketaren arduradun izan zen. Gaur egun New Yorken bizi da, 1989. urteaz gero; hiri hartako Guggenheim museoko eraberritzaileen taldeko kidea eta gaurko hispaniar arteko erakusketen arduraduna da. Reina Sofía Madrilgo Zentroko eleduna ere bada, beste zenbait karguren artean.