Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gilberto, João

(Jaiotza izena, Prado Pereira de Oliveira). Brasildar musikagilea (Juazairo, 1931). 1950eko hamarraldiaren hasieran Atlántida kafetegiaren inguruan bildu zen musikagile taldeko kideetako bat izan zen, eta gaur egun bera da Brasilgo musikagintzako egile nagusietako bat. João Gilberto da Brasilgo sanba erritmoak eta jazza bateratzen dituen bossa-nova musikaren sortzaileetako bat, Antonio Carlos Jobimekin batera, eta sanba eta bossa-nova ezagunenen egilea da. 1959. urtean eman zuen argitara bere lehenengo diskoa, Chega de Saudade. 1964an, berriz, Brasilgo musikan berebiziko eragina izan duen disko baten grabazioan parte hartu zuen Stan Getz saxofoi-jotzailearekin, Antonio Carlos Jobim musikagilearekin eta garai hartan emazte zuen Astrud Gilberto abeslariarekin. Disko hartan Brasilgo hainbat abesti ezagun bildu zituzten, besteak beste "Corcovado", "A garota de Ipanema" ("Ipanemako neskatxa", mundu osoan ospetsu bihurtu dena) eta "Desafinado", eta sekulako arrakasta izan zuen: Estatu Batuetan gehien saldu zen diskoetako bat izan zen, eta sei Grammy sari lortu zituen. Harrezkero hainbat disko grabatu ditu João Gilbertok; 1985. urtean Montréalgo Jazz Jaialdian zuzenean grabaturikoa da aipagarrienetakoa.