Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gilbert, John

Estatu Batuetako antzezlaria (Logan, Utah, 1895 - Los Angeles, 1936). Zinema mutuaren garaian antzezlaririk famatuenetakoa izan zen. Haren filmik gogoangarriena izan zen The big parade (1925, K. Vidor-ek zuzendua). Greta Garborekin batera lan egin zuen sarri, C. Brown-en Flesh and the devil (1927, Haragia eta deabrua) eta A woman of affairs (1928) filmetan, esaterako; edo E. Goulding-en Love (1927) filmean. Arazoak izan zituen zinema ahostuna sortu zenean, egoera berrira egokitzeko. Haren film ahostunek ez zuten arrakastarik izan, nahiz eta lan onik ere egin zuen tartean, esaterako: Downstairs (1932, Monta Bell zuzendari) eta Fast Workers (1933, T. Browning). Gehiegizko edanak hondatuta bizi izan zen azken urteetan eta bihotzekoak jota hil zen.