Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gilbert, Walter

Estatubatuar biokimikaria (Boston, Massachusetts, 1932). Harvardeko Unibertsitatean egin zituen kimika eta fisikako ikasketak eta 1957. urtean fisika matematikoko doktoregoa eskuratu zuen Erresuma Batuan, Cambridgeko Unibertsitatean. Erresuma Batutik Estatu Batuetara itzuli zelarik, Harvarden hasi zen lanean. Fisika teorikoko ikerketak egiten ziharduela biologia molekurrarekin zaletu zen, eta 1964an biofisikako irakasle laguntzaile izendatu zuten. Harrezkero Harvarden jardun zuen bere karrera guztian zehar, 1981-1984 urteen artean biologia genetikoaren alorrean laborategi pribatu batean lan egin zuen tartean izan ezik. Bere lehenengo ekarpen garrantzitsua 1966. urtean egin zuen, 1961. urtean Jacques Monod eta François Jacobek iragarri bezala, kontrol genetikoaren eragozle gisa diharduen proteina bat aurkitu eta bakartu zuenean. Dena dela, DNA eta RNA azido nukleikoetan baseen sekuentziak nola antolatzen ziren ezagutzeko egindako lanengatik da, batez ere ezaguna. Gilbertek azido nukleikoen osagai nagusi diren eta geneen egitura ezagutzeko lagungarri diren nukleotidoen sekuentzia zehazteko metodo bat aurkitu zuen. 1980. urtean Kimikako Nobel saria irabazi zuen, Frederick Sangerrekin eta Paul Bergekin batera.