Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gay-Lussac, Joseph Louis

Frantses fisikaria eta kimikaria (Saint-Léonard-de-Noblat, 1788 - Paris, 1850). Gasak nola jokatzen duen aztertzen lehena izan zen. Fisika irakasle izan zen Sorbonako unibertsitatean eta kimika irakasle Eskola Politeknikoan; Frantziako Legebiltzarrean diputatu (1831) eta Zientzietako Akademiko kide izan zen (1806). 24 urte zituela, gasen eta lurrunen zabalkuntzaz egindako ikerketaren ondorioz Gasen zabalkuntzaren legea eman zuen ezagutzera. B. Biot-ekin batera 4.000 m-ra igo zen globoan (1804), eta hiru aste geroago bera bakarrik 7.016 m-ra, airearen osagaiak eta tenperatura aldaketak aztertzeko. Alexander von Humboldt-ekin batera Lurraren eremu magnetikoak aztertu zituen eta gasen konbinaketari buruzko lege bolumetrikoa eman zuen argitara. Laplacek eskatuta kapilaritatearen teoria egiaztatu zuen. Thenard-ekin batera sodioa eta potasioa (1808) bakartu zituen; azido fluosizilikoa eta azido fluoborikoa aurkitu (1809) eta kloroa aztertu eta gai bakuna zela esan zuten. 1815. urtean zianogenoa eta azido zianhidrikoa aurkitu zituen eta 1816an bere izena daraman barometroa eta alkohometro zentesimala asmatu zituen. 1835ean Gay-Lussac-en dorrea deitua sortu zuen azido sulfurikoa ekoizteko lantegietan lurrun nitrosoak berreskuratzeko balio duena. Obrak: Instruction pour l’usage de l’alcoomčtre centésimal, Leçons de Physique, Cours de Chimie, etab. v Gay-Lussac-en legea. Gasen zabalkuntzaren legea (1804). Presioa berdina denean gas ideal batean, tenperatura handitzen den neurri berean handitzen da haren bolumena. Gas guztientzat zabalkuntza koefizientea berdina izaten da: 1/273,15.