Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gayarre Garjón, Julián

Nafarroako opera abeslaria, Euskal Herriak eman duen ospetsuenetako bat (Erronkari, 1844 - Madril, 1890). Tenorra zen. 21 urte zituela Madrila joan zen musika ikastera Hilarión Eslava maisu nafarrarekin. Milana jo zuen 1869. urtean kantu teknikak ontzera. Milanen zazpi hilabetez aritu ondoren, jendaurrean kantatzeko aukera izan zuen Varesen lehenengoz (Verdiren I Lombardi opera). Zazpi urtez Europako antzoki ospetsuenetan kantatu ondoren, Milango Scala ospetsura itzuli zen Donizettiren La Favorita, bere obra gogokoena, kantatzera. Saioa guztiz arrakastatsua izan zen eta Scalako zuzendariek I Puritani (Bellini) eta La Gioconda (Ponchielli) obrak kantatzeko kontratua luzatu zioten. Milango denboraldia amaitutakoan Buenos Airesa joan zen eta arrakasta handia izan zuen bertan. 1877. urtean Londreseko Covent-Garden antzeztokian lanean hasi eta zazpi urtez egon zen bertan. Urte berean Madrilen kantatu zuen lehen aldiz(La Favorita, La Africana, O Paradisso, Higanoteak, Lucia de Lamemoor). Bilbon eta Iruńean kantatu zuen 1882. urtean. Osasun ahulekoa zen Gayarre gaixotu, eta bere jaioterrira itzuli zen osatzeko. 1884. urtean Parisen egin zuen debuta Lucrecia Borgia obrarekin eta ondoren Turin, Bartzelona, Valentzia, Sevilla eta Parisen bertan kantatu zuen. Handik urte betera Pariseko Opera Nagusian abestu zuen La Africana obrarekin eta, arrakastaz beti, Madrilera itzuli zen. 1889. urtean Madrilen hasi zen berriro, baina Bizeten Les pęcheurs de perles jokatzen ari zela ezin izan zuen amaitu obra. 1890. urteko urtarrilaren 1ean hil zen. Julian Gayarre euskalduna zen eta Madril, Bartzelona, Paris eta Italiako zenbait hiritako funtzioen amaiera gisa Gernikako Arbola kantatu ohi zuen, gainera haren euskarazko gutunen bat edo beste gorde dira. XIX. mende bukaerako tenor onenetako bat izateaz gainera, oso pertsona maitatua izan zen; bere garaiko idazle, musikari eta artistekin harremanak izan zituen: Mariano Benlliure, Sarah Bernhardt, Arturo Campión, Iparragirre. Omenaldi ugari eskaini zizkioten, bai bizirik zela, bai hil ondoren.